Astekaria

Binakako txapelak, atzerakontuan

Maider Betelu Ganboa 2026ko martxoaren 20a

Albisu, Laso, Altuna eta Ezkurdia, Nafarroa Arenako astearteko material aukeraketan. ASPEPELOTA.EUS

Altuna-Ezkurdia eta Laso-Albisu martxoaren 29an Nafarroa Arenan jokatuko duten Binakako finalerako materialarekin gustura geratu dira. Martxoaren 23an Nafarroa Arenan entrenatuko dira, eta finalerako "ilusio handiz" daude

Martxoaren 29an jokatuko da Binakako Pilota Txapelketako final handia eta materiala inoiz baino lehenago aukeratu dute finalistek, hamabi egun lehenago, hain zuzen ere. Izan ere, Laura Pausini abeslariak martxoaren 18tik 27ra bitartean du alokatuta Nafarroa Arena, bere bira prestatzeko, eta horrek moldaketak ekarri ditu. Hala, martxoaren 17an egin zen pilota aukeraketa, eta abeslariaren taldearekin adostuta, martxoaren 23an, goizez, bi bikoteek Nafarroa Arenan entrenatzeko aukera izango dute.

Altuna-Ezkurdia eta Laso-Albisu gustura geratu ziren aukeratutako materialarekin. Altunarenak eta Ezkurdiarenak pisu gutxiago dute (103,3, 104,5 eta 104,6 gr), eta Laso-Albisurenak pisu handiagokoak (104,9, 105 eta 106 gr).

Ezkurdiak azaldu zuenez, “finala jokatzeko pilota onak dira”. Finalerako “ilusio handiz” dagoela gaineratu zuen. “Beti Jokinen arerioa izan naiz, eta ilusio handia dut elkarrekin jokatzeagatik. Txapelketan une gogorrak bizi izan ditugu, baina uste dut hobetzen joan garela. Nafarroa Arena frontoi sendoa da, eurek dituzten ezaugarrietarako egokiagoa, baina ez dago inolako aitzakiarik. Lehiatzeko gogotsu gatoz, eta final berezia izango da”.

Antzeko hitzekin mintzatu zen Altuna. Bikoak argi du Laso eta Albisu faborito direla. “Eurena txapelketa irabazteko sortutako bikotea da, baina final hau sari handia da gu biondako, eta kailua emango dugu” nabarmendu zuen Altunak. 

Lasok eta Albisuk faboritoaren presioa alde batera utzi nahi izan zuten. "Erregulartasunarengatik, izan gaitezke, baina euren kontrako azken partidan ikusi zen dena oso paretsu dagoela" adierazi zuen Lasok. 

Bakoitzak bere erronka
Ezkurdiak Binakako hiru txapel ditu, Zabaleta, Martija eta Rezustarekin lortutakoak. Atzelari gisa laugarrena lortzeko erronka du. Altunak Binakako txapel bakarra du, Martijarekin, eta bigarrenaren bila dago. Albisuk palmaresean ez du txapelik, eta hamahiru urtez geroago jokatuko duen Binakako bere hirugarren finalean txapela janzteko "ilusio handia" du. Azkenik, Lasok ez du Binakako txapelik, eta martxoaren 29ko finala irabaztea falta zaio “hiruko koroa” deitutako multzoan sartzeko. 

Finalerdietako polemika ez da itzali
Elordi-Zabaletak eta Laso-Albisuk jokatutako finalerdi ikusgarrian gertatutakoak oraindik zeresana du katedran. Markagailua 21-20 zela, Laso aldageletara joan zen. Epaileetako bat atzetik joan zitzaion korrika, medikuak epaileari baimena eskatu behar baitio. Araudiak dio markagailutik tanto bat kenduko zaiola akatsa egin duenari, eta sakea arerioei eman, baina epaile nagusiak ez zuen araudia aplikatu. Elordik, oso haserre, gertatutakoa salatu zuen. Lasok baimena beste epaileari eskatu ziola esan zuen, baina agerikoa da araudia ez zela bete, eta Elordi-Zabaleta kanpo geratu ziren, polemika tarteko. Material aukeraketan gaia atera zen. Lasok polemika itxi nahi izan zuen. "Esan beharrekoa igandean esan nuen. Partidatzarra izan zen, duela asko ikusten ez zen den horietako bat. Horretaz hitz egin beharko litzateke gehiago, kirol arloaz".