Aurtengo Binakako finalak sekulako ikusmina piztu zuen: finala jokatu baino 15 egun lehenago agortu ziren sarrera guztiak. Dirua Lasoren eta Albisuren alde atera zen, 100-80ra. Frontoiak primerako itxura zuen: Laso-Albisuren eta Altuna-Ezkurdiaren aldeko pankartak, oihuak eta finaletako giro handia.
Joseba Ezkurdiak, arbizuarra izanik, Sakanako pilota zaleen babes handia zuen. Baina Albisuren ama, Miren Albizu, lakuntzarra da, eta bere anaia Arbizun bizi da; hortaz, familia eta lagun sakandarrak ere bazituen bere alde. Bestalde, jakina da Lasok Ziordian lagun handiak dituela, eta kuadrilla ederra hurbildu zen bertatik Biskarretekoa animatzera. Gainera, bere prestatzaile fisikoa, Egoitz Carrion, irurtzundarra da, eta bertan ere zaleak baditu.
Ezkurdiaren defentsa
Lehen sakea gorria atera zen, Altuna-Ezkurdiaren alde, baina lehen tantoa Lasok egin zuen eta aurretik jarri ziren urdinak. Hasierako tartean nor baino nor aritu ziren bi bikoak, eta parekotasuna izan zen nagusi. Tantoak luzeak ziren, oso borrokatuak, eta hasieratik ikusi zen zein zen Lasoren eta Albisuren estrategia: joko guztia Joseba Ezkurdiaren gainean kargatzea, Altuna ekiditeko. Arbizuarrak defentsa lan ikaragarria egin zuen, eta hasieran erauntsiari ongi erantzun zion. Bosna, seina eta zazpinako berdinketen ondoren, 7-9 aurreratu ziren Laso eta Albisu. Ezkurdiak eta Albisuk primeran erantzun zuten, bederatzina berdinduz, eta une horretan Lasok eta Albisuk lehendabiziko atsedena eskatu zuten. Atseden hori gakoa izan zen, gorrien jokoa eten zuelako eta itzuleran urdinak aurretik 9-13 jarri zirelako. Gorrien bestelako akatsak tarteko, ia konturatu gabe 10-18ra joan ziren Laso eta Albisu, eta partida maldaz gora jarri zitzaien Ezkurdiari eta Altunari.
Nahiz eta zenbait akats egin, estrategia ongi atera zitzaien Lasori eta Albisuri. Albisuk partida ona egin zuen, eta bukaeran finaleko pilotari onenaren saria jaso zuen. Pilota ikaragarri astindu zuen, eta bere tokian jokatu zuen. Ezkurdiak ongi erantzun zuen hasieran; noiz arte eutsiko zuen, hori zen katedraren kezka. Altuna ezer gutxi sartu ahal zen jokoan, urdinek dena atzera egiten baitzuten, Ezkurdia zigortzeko. Jokinek ezin izan zuen bere jokoa egin, eta nabaritu zen. Nafarroa Arena ez da aurrelarien luzimendurako frontoia, atzelariena baizik, eta hori ongi probestu zuten Baikokoek. Ildo horretan, ez zen final ikusgarri eta on horietako bat izan; dena atzera, aurrelariek ez zuten luzitzeko apenas aukerarik izan. Final gogorra bai, ordea.
Nolanahi ere, Altunak eta Ezkurdiak ez zuten amore eman eta hasieran 13-18 hurbildu ziren, eta 15-19 ondoren. Bazirudien finala berriro zabalik zegoela, baina Altunaren dejada txapapera joan zen eta 15-20, hor egin zien ihes partidak Altunari eta Ezkurdiari. Hurrengo tantoan Ezkurdiak ezin izan zuen ongi erantzun eta 15-21 jarri ziren aurretik Laso eta Albisu. Beste tanto bat egin zuten gorriek, 16-21, baina hurrengoan Josebak ezin izan zuen jaurtiketa behar bezala erantzun, eta 16-22 galduta, txapelak Lasorendako eta Albisurendako izan ziren, katedraren txaloen artean. Ezkurdia-Altuna erori ziren, baina guztia emanez. Arbizuarraren meritua, atzelari gisa jokatuz, txalotzekoa da.
Penatuta, baina bizitako esperientziarekin gustura
Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia penatuta agertu ziren prentsaurrekora. “Hemen zaudenean etxera txapelarekin joan nahi duzu. Horregatik, penatuta gaude. Saiatu gara; bederatzinako berdinketara arte gustura genbiltzan, sentsazio onekin eta partidan sartuta, gustura, baina denbora gutxian Laso eta Albisu joan zaizkigu. Pena horrekin gaude, aparteko ezer egin gabe 18-10era joan zaizkigulako, eta beraien erritmora gehiago jokatu dugulako gurera baino; Jon Ander ez genuen bere tokitik ateratzen, eta pilotalekua pisua egiten zitzaidan. Bolearekin erritmoa aldatzea zaila zen, eta beraiek deseroso jartzen ez dugu asmatu. Pena, baina guztia eman dugu, hustu gara, eta halakoetan ez dago ezer egiterik, arerioak zoriondu, eta aurrera. Gu baino hobeak izan dira, oso ongi bilatu naute” zioen Ezkurdiak.
Euren jokoa aurreikusitakoa izan zen, uneoro atzera jokatzea, Ezkurdia kargatu eta Altuna ekiditeko. Eta lortu zuten. “Nik uste frontoiak asko esan nahi duela, uneoro atzera jokatzeko joko horrekin hemen mina egiten duzulako. Beste frontoi batean aurkaria gehiago mugitzen duzu, baina partida hasieran jokoan sartzerakoan salduta geratzen nintzelako sentsazioa nuen, erdi parean pilota zabalean utzi, eta hortik Jon Anderrek eta Unaik erraz sartzen zutela barrura; Joseba lagundu beharrean saltzen nuela iruditzen zitzaidan. Berak bolea ikaragarriak jo ditu, ezker paretan ikaragarri altxatzen zuen pilota, baina denborarekin iruditzen zait pilotak gutxi ibiltzen zirela eta jokoan nabaritzen zela. Moztutakoan ere beraiek altuera ematen zioten, eta nahiz eta eurek ere opariak egin, kosta egin zaigu. Sakea egiterakoan Jon Anderrek asko kentzen zuen eta pilota oso urruti jartzen zuen” azaldu zuen Altunak.
“Bederatziko berdinketatik ihes egin dute aparteko ezer egin gabe: gaizki egindako dejada, sakezko tanto bat... Erakustaldirik eman gabe ihes egin digute, eta, ildo honetan, uste dut ez dela final ona izan. Final deserosoa izan da, ez da jokatzeko erraza izan. Bukaera arte dena emango genuela argi genuen, eta pena horrekin geratzen gara” gaineratu zuen Amezketakoak. “Final gogorra izan da, baina Josebaren merituarengatik, izugarri defendatu duelako eta pilota ikaragarriak erantzun dituelako. Josebarekin berriro jokatzea eskatuz gero, berriro jokatuko nuke; berarekin jokatzea plazera izan da, eta horrekin geratuko gara” aitortu zuen Altunak.
Ezkurdiak, aldiz, atzelari izaten jarraitzeko atea ixteko prest azaldu zen. “Zaila da. Uste dut ongi lehiatu naizela. Esperientzia polita izan da, betirako eramango dudana, baina exijentzia maila handikoa da, fisikoki asko eskatzen duna. Borrokatu dugu, pena da txapela etxera eraman ez izana, baina, behintzat, dena eman dugu kantxan, bukaeraraino saiatu gara. Jokini eskerrak eman nahi dizkiot, berarekin gozamena izan baita gaur jokatzea”. Altunak aitortu zuenez, berarendako ere “esperientzia ikaragarria” izan da. “Oso gustura jokatu dut Josebarekin, asko gozatu dut, momentu zailetan ere hor egon gara, gogorrak gara. Pena galdu izana, baina niretako esperientzia ahaztezina izan da. Josebak egin duena ikaragarria izan da, sekulako meritua du, dauden atzelari eta aurrelariekin finalera iristea sekulakoa da. Benetan goraipatzekoa da egin duen lana”.
Arbizun sekulako harrera egin zieten Altunari eta Ezkurdiari, txapeldunak izan bailitzan. Arbizuko plaza Amezketako eta Arbizuko zaleez gainezka, pasilloa, lore sortak, su artifizialak, aurreskua, bertsoak eta beste izan ziren, eta gero denak afaltzera bildu ziren frontoian. Txapeldunordeek biziki eskertu zuten euren zaleen babesa.

Txapeldunak, oso pozik
Unai Laso eta Jon Ander Albisu pozarren azaldu ziren prentsaurrekoan. Biek binakako euren lehen txapela lortu zuten. Binakako txapelarekin Lasok hiruko koroa lortu zuen, aurretik banakakoa eta lau eta erdikoa badituelako; aldiz, Albisuren lehen txapela izan zen, eta Ataungoa ikaragarri pozik zegoen.
“16 urte eta gero azkenean txapela buru gainean, poza galanta sentitzen dut. Sari ederra da. Disfrutatu egin dut, nahiz eta hasieran pilota batzuetan kale egin dudan. Hasieratik sentsazio onak neuzkan, pilotarekin gozatzen ikusi dut nire burua, partidaren erdialdetik aurrera Unaik pauso bat eman du aurrera eta momentu zailetan elkarri laguntzen jakin dugu” azaldu zuen Albisuk. “22. tantoa egin dugunean, orduan ikusi dut partida irabazita genuela. Altunarekin eta Ezkurdiarekin ezin da partida bukaerara arte irabazitzat eman”.
Laso “sekulako ilusioarekin eta pozik” zegoen. “Kantxan sufritu dut, urduritasuna, tentsioa... Bagenekien Ezkurdia kargatu behar genuela. Hori izan da plana, eta ongi atera zaigu. Txapela honek ilusio handia ematen dit, Jon Anderrekin lortu dudalako”. Hiru espezialitateetan txapelak lortu dituen bederatzigarren pilotaria da Biskarretekoa. “Plazerra da, baina belauneko lesio batetik nator, sekulako lana egin dut, Jon Anderrekin eta horrek ilusionatzen nau gehiago.”
Bederatzi urteren ondoren Binakako txapela Baikorengana itzuli zen, enpresarendako egun garrantzitsua ere bai. “Enpresarendako ere egun pozgarria da. Nik uste txapelketa ia perfektua egin dugula, eta hementxe dugu saria” azaldu zuen Lasok.
Altunak eta Ezkurdiak final gogorra bai, baina final ona ez zela izan esan zutela eta, Albisuk ez zuen uste partida txarra izan zenik. “Partida gogorra izan da. Garaipena zen garrantzitsuena eta lortu dugu”. Lasoren ustez, “agian ez da jendeari gehien ikustea gustatzen zaion partida, baina partida gogorra izan zen; pilota atzera bidali beharra genuen, pilota Josebari paretara sartu... Bikote honen kontra zaila da, uneoro gainean dauzkazulako. Aste honetan euren kontrako aurreko partidak aztertu genituen, eta ongi etorri zaigu, euren kontra jokatu genuen azkeneko partidan neure burua oso galduta ikusi nuelako, ez nekien ongi zer egin. Urduri nengoen, tentsioan. Hortaz, ez dakit partida polita izan den hala ez, baina irabazi beharra zegoen eta lortu dugu”.
Biek egunerokotasunean ondoan dituzten senide eta lagunei eta ondoan duten lan taldeari eskaini zieten txapela.
