Geroz eta jende gehiagok jotzen du gimnasioetara indar ariketak egitera. Gimnasio aparatuak, ordea, ezin dira nolanahi erabili eta horregatik gimnasioko makinen ikastaroa antolatu dute Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Arbizuko Udalak eta Askalatsek apirilaren 17an Arbizuko kiroldegiko gimnasioan. Ikastaroa 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, eta ordutegia adin eta beharren arabera moldatu da.
Horrela, 15:00etatik 16:15ak arte 41 urtetik gorako emakumeen txanda izango da, 16:15etik 17:30era 26-40 urte bitarteko emakumeen txanda, 17:30etik 19:00etara haurdunaldia eta erditze ostekoendako aukera, 19:00etatik 20:15ak arte 16-25 urte bitarteko neska gazteen txanda eta 20:15etik 21:30era teknifikazioa.
Ikastaroak parte hartzaileei kiroldegiko makinen erabilera seguru eta eraginkorrean trebatzeko helburua du, hasiberriendako eta errendimendua hobetzeko gogoa dutenendako egokitutako saioak eskainiz. Helburu nagusiak honakoak dira: makinen erabilera egokia, indar entrenamenduak adin bakoitzeko egokituta, entrenamendu saioen egitura (beroketa, intentsitatea, atsedenak...) eta modu autonomoan eta seguruan entrenatzen ikastea.
Saio bakoitzaren informazio osoa www.sakana-mank.eus/arbizuko-gimnasioan-makinen-erabilera-ikastaroa/ webgunean kontsultatu daiteke.
Izena ematea zabalik dago apirilaren 14ra arte (askalats@arbizu.eus). Bazkideek 5 euro eta gainontzekoek 8 euro ordaindu beharko dituzte.