Arbizuko Udala Emakumezkoen 1. Sari Nagusiak mustutze ezin hobea izan zuen. Kadeteak eta juniorrak batuta, guztira 59 txirrindularik hartu zuten irteera. 10:00etan junior mailakoak abiatu ziren, Arbizuko plazatik, Uharte Arakilera bidean, bertan buelta hartu, eta Arbizutik sartu ziren industrialderantz, handik buelta hartzeko. Lasterketak ordu erdi inguru zeramatzan eta orduan kadeteak batu ziren tropelera, Izarra jatetxearen parean. Hortik aurrera, elkarrekin aritu ziren.
Uharte Arakilerainoko zirkuitua beste behin egin zuten, eta ondoren Arbizutik gora egin zuten, Lizarragako katea igotzeko. Dorraotik eta Unanutik pasa eta gero, Arbizuko helmugara iritsi ziren (47,46 km).
Alba Cortes (Ecotisa-Monaj) izan zen txapelduna (2:02:15), erasoa jo eta helmugara bakarrik helduta. Atzetik boskote bat sartu zen, Mirari Gotxi (Baque Movistar Team), Regina Gonzalez (Occident-Punta Galea), Naxara Odriozola (Mirat Team) eta Maixa Odriozola (Zuk-k Limousin) buru zirela. Enara Perez olaztiarra (Timac Agro) Top10ean sartu zen, zortzigarren iritsi baitzen helmugara (2:04:00). Atzetik, txirrindulariak tantaka iritsi ziren. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Eider Mazkiaran (Zu-k Limousin) 32. iritsi zen (2:05:50); Eider Razkin (Timac Agro) 38. (2:06:24) eta Izaro Etxeberria (Timac Agro) 43. (2:08:03).