Astekaria

122 ikasle Arbizuko orientazio proban

Guaixe 2026ko maiatzaren 5a

Montes Solidarios elkarteari esker gurpildun aulki erabiltzen duen ikasleak ekimenean parte hartu ahal izan zuen. MANK

Montes Solidarios elkartearen laguntzari esker, gurpil aulkia erabiltzen duen ikasle batek parte hartzeko aukera izan zuen.

Sakanako Mankomunitateak urtero antolatzen du ikasleendako mendi orientazio proba, gaztetxoek mendian ibiltzeko gutxieneko trebetasunak landu ditzaten. Aurten apirilaren 21ean izan zen orientazio proba, Arbizuko basoan, Sandindegi eta Zubat inguruan. Guztira 122 ikaslek hartu zuten parte, DBH4 mailakoak gehienak, eta DBH3 mailakoren batek. Altsasuko Institutua (24 ikasle), Etxarri Aranazko ikastola (35 ikasle), Altsasuko Corazonistak (23 ikasle) eta Agurain Institutua (40 ikasle) izan ziren parte hartu zuten ikastetxeak. 

Proban ikasleek orientazioarekin lotutako trebetasunak landu zituzten, talde lana, autonomia eta ingurunearen ezagutza uztartuz. Ikastetxeen arteko lankidetzaren bidez antolatu zen jarduera, eta 12 irakaslek hartu zuten parte. 

Aurtengo orientazio probak inklusioaren ikuspegitik garrantzi berezia izan zuen, gurpil aulkia erabiltzen duen Altsasuko Institutuko ikasle batek parte hartu zuelako, Montes Solidarios elkartearen laguntzarekin.