Maiatzaren 13an, asteazkena, Sakanako ikastetxeen arteko XIX. Herri Kirol Topaketak izango dira Arbizuko kiroldegian, Sakanako Mankomunitateak antolatuta. Helburua ikasle sakandarren artean herri kirolak sustatzea da, eta ikastetxe ezberdinen arteko neska-mutilen artean harremana sustatzea.
Lehen Hezkuntzako 6. mailako 200 ikasle baino gehiago arituko dira, irakasleak gehituta, 246 lagun guztira. 10:00etatik aurrera hasiko da topaketa. Hasieran Peio Kañamares eta Uxue Ansorregiren trontza erakustaldia izango da, eta ondoren herri kirol proba konbinatuen txanda izango da. Ikastetxe ezberdinetako neska-mutilak nahasiz taldeak sortuko dira, eta herri kirol proba konbinatuetan ariko dira. Koxkolak, txinga, zakua, korrika eta giza-plaza izango dira landuko dituzten kirolak.