Eskolan usainak sortzen dituzten materialak kentzeko lanak eginen dituzte

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko maiatzaren 19a

Arbizuko herri eskolaren barruko aldea. ARTXIBOA

Lanak egin zirenean material batzuk ez ziren baldintza egokietan jarri.

Ikasleek ikasturtea despeditu bezain laster, Arbizuko herri eskola komunitateak eta udalak "etxeko lanak" izanen ditu: ikastetxeko altzari eta material guztiak tokiz mugitu beharko dituzte, kurtsoa despeditu eta bi egunetara lanak hasiko baitira. "Horregatik denen laguntza ezinbestekoa izanen da", adierazi dute eskolako zuzendaritza taldeko kideek.  

Udarako aurreikusitako lan horiek irakasleen kexak dituzte abiapuntu. "Hasieran denok uste genuen eskola berria izatearen ondorio zela usaina", azaldu dute zuzendaritza taldekoek. Gaineratu dutenez, "usain berezia sumatzen da eta eskolako espazioaren arabera gehiago nabaritzen da". Usain horri "eskolako usaia" deitzen diote ikastetxeko komunitatekoek. "Hainbat bileretan usain berezia antzematen genuela esan bagenuen ere, irakasleek Laneko Arriskuen Prebentzio zerbitzuan kexa formalak 2023/2024 ikasturtean aurkeztu genituen. Eta Hezkuntza Departamentuan instantziak bideratzen hasi ginen maila pertsonalean", azaldu dute zuzendaritzakoek. Haiengana "erantzun baten bila eta arazoa konpondu nahian jo genuen. Gainera gaia eskola kontseilutan landu da, familiak eta udala jakinaren gainean egon zitezen", argitu dute.

Ikerketa eskolan  
Arbizuko herri eskolako zuzendaritzako kideek azaldu dutenez, "Laneko Arriskuen Prebentzio zerbitzua jarraipena egiten zutela ikusten genuen". Baina usainaren jatorria zen zen argitzeko ikerketa uste baino korapilatsuagoa izan zen. "Prebentzio zerbitzukoak usaiaren neurketa froga egiterakoan hainbat zailtasun tekniko izan zituzten, zaila baitzen hori egiten zuen laborategia topatzea eta UNE legeak adierazten zituen parametroen arabera egitea", azaldu dute zuzendaritzakoek. Azkenik, "lehen azterketak 2025eko otsailean egin zituzten, baina akatsak izan ziren eta maiatza-ekainean berriro egin behar izan zituzten". 

Eskolako usaina neurtzeko froga horiei esker, batzuek eta besteek jakin zuten usaiaren jatorria airean dauden konposatu organiko hegazkorrak (COV laburdura, ingelesez) direla. Arbizuko eskolako zuzendaritzako taldeko kideek esan dutenez, "emaitzak azterturik ikusi zen UNE legeak zehazten dituen parametro guztien barruan" kokatzen direla konposatu horien maila, "eta osasunerako arriskurik eragiten ez dutela". UNE araudiak produktuen, sistemen edo zerbitzuen fabrikazioan, diseinuan, instalazioan, erabileran edo mantentze lanetan jarraitu beharreko zehaztapen teknikoak, irizpideak eta jarraibideak ezartzen dituzte.

Konposatu organiko hegazkorren jatorria zein zen jakitea izan zen ikerketaren hurrengo pausoa. Horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari batzuk Arbizuko eskolan izan ziren 2025eko agorrilaren akaberan. Material zehatz batzuk ikertu zituzten. Datu batzuk jaso zituzten, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) beste ikerlari batzuekin harremanetan jarri ziren, beste datu batzuk ere ikertu asmoz. Batzuek eta besteek Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langileei eman zieten emaitzen eta hipotesien berri. Hori jakinik, Hezkuntza Departamentuak hainbat neurri hartzeko gomendioa egin zien Arbizuko eskolakoei: aireztapena handitzea, garbiketarako produktu neutroak erabiltzea eta, ahal den neurrian, zoru erradiatzaileko tenperatura kontrolatzea. Ordutik horretan dihardute eskolan. 

Azkenik, Arbizuko eskolakoek ikerketaren emaitzen berri otsailean izan dute. Hezkuntza Departamentuak eta Osasun zuzendari ordeak NUPko ikertzaileek ateratako ondorioa azaldu zieten: "eskola berria egin zenean lurrean eta paretetan erabilitako itsaskina eta gainean jarritako materialak ez ziren behar bezala jarri. Izan ere, horiek behar bezala jartzeko baldintza bereziak behar dira, esate baterako, hezetasun eta tenperatura aldetik". Ondorioz, Hezkuntza Departamentuak jakinarazi zien erabaki zuela Arbizuko eskolan udan obra eginen zuela. "Material horiek kenduko dituzte eta usainak kentzeko erantzun egoki bat emanen diote horrela". Beraz, ikasturtea despeditu bitartean, departamentuak emandako gomendioak betetzen ari dira eskolan.