Arbizuko Udalak aurten 2.202.695 euroko aurrekontua du, aurreko urteko aurrekontua baino 53.854 euro gutxiago dira. Ainhoa Izagirre Izagirre behin behineko alkatea otsaila hasieratik, eta berak azaldu duenez, "aurrekontua jaitsi da inbertsioak egiteko dirulaguntza gutxiago jaso ditugulako. Joan zen urtean lan handia egin genuen Fernando Urkia kaleko zati batean sareak eta zorua berritzen. Lanen bigarren eta azken fasea egin nahi genuen, baina Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak ez digu dirulaguntza eskaera Toki Inbertsio Planean onartu. Beraz, dirulaguntza jaso arte, Fernando Urkia kalean egin beharreko lan hori atzeratu eginen da".
Hala ere, Arbizuko Udalak aurten 568.331 euro balioa duten inbertsioak eginen ditu aurten. Kiroldegian eginen du udalak inbertsio handiena. "Klimatizazioa berritu genuen joan zen urtean (135.000 euro). Aurten, berriz, kiroldegiaren inguratzaile termikoa hobetu nahi dugu. Lanak eginda, kiroldegiaren energia eraginkortasuna hobetu nahi dugu", azaldu du Izagirrek. Kiroldegia agorrilean itxita dagoenez, orduan egin nahi du obra udalak. Lanek 105.000 euroko aurrekontua dute. Horiek finantzatzeko, Arbizuko Udalak Nafarroako Gobernuaren 90.000 euroko zuzeneko diru laguntza du, EH Bilduk Nafarroako aurrekontuei aurkeztutako emendakin baten bidez lortuta.
Kiroldegiko teilatuan dauden eguzki plakak kendu eta berriak jarriko ditu udalak. Instalazio fotovoltaikoak sortutako argindarra kiroldegian bertan kontsumituko dela jakinarazi du alkateak. Inbertsio horrek 105.000 euroko aurrekontua du eta, horretarako, udalak 40.000 euroko dirulaguntza jaso duela jakinarazi du alkateak. "Gure asmoa da etorkizunean eskolako teilatuan eguzki plakak jartzea eta han sortzen den argindarra energia komunitatera bideratzea", jakinarazi du Izagirrek.
Inbertsio gehiago
Argindarrarekin lotuta, Arbizuko Udalak herriko argiteria faseka berritzen ari da 2020. urteaz geroztik. Aurreneko fasean San Joango koadroa berritu eta handik pizten diren faroletan LED argiak jarri zituen. Iruñeko etorbideko argiteria publikoaren eta Loinaz kaleko koadroaren txanda izan zen 2024an. Hirugarren fasean Mikel Aingeru, Loinaz, Arrospide eta Aldatz kaleetako bonbillak kendu eta LED argiak jarri zituzten 2025ean. Aurten, berriz, Akerrauntza eta Loinaz kaleen txanda izanen da. Lan horien laugarren fase horretara Arbizuko Udalak 40.000 euro bideratuko ditu, eta inbertsio guztia dirulaguntza bidez ordainduko du.
Bestetik, udalak elizaren parean dagoen haurrendako jolas parkea berrituko du aurten. Horretara, 45.000 euro bideratuko ditu.
Udal egoitzak
Eskola zaharraren eraikina kultur gune bihurtzeko lanak despedituta daude, izan ere, hura jantzi zuen Arbizuko Udalak joan zen urtean. Orain ongi hornituta dago: eszenatoki txikia, proiektorea, aulkiak, armairuak eta beste daude. "Astean bi goizetan jubiloteka hartzen du, eta adinduek ariketa fisikoa egiteko ikastaroa astean behin. Horretaz aparte hitzaldiak, emanaldiak edo eskolaren kulturartekotasun astea hartu izan du", azaldu du Izagirrek.
Alkateak jakinarazi duenez, udalarenak diren bi ostalaritza zerbitzu itxita daude. Alde batetik, kiroldegiko taberna urte bat pasa darama itxita. Beste aldetik, Beldarrain jubilatu elkarteko taberna-jatetxea urte hasieratik itxita dago. Azken hori San Joan festetan hartzeko deialdia egin du udalak, sikiera festa garaian zerbitzu bat gehiago egoteko itxaropenez. Eta bi ostalaritza negozioetako bat urte guztirako hartzeko interesa duenik balego, alkateak udalarekin harremanetan jartzera gonbidatu du.
Bitartean, Arbizuko Udala Nasuvinsarekin bilera egiteko zain dago. Udalak San Joango bidea kalean duen 407,1 m2-ko lursaila utzi zion enpresa publikoari. Han gazteendako bost etxebizitza egitea aurreikusi zuen. Baina aurrekontu faltagatik atzera egin zuen eta orain proiektua berritu eta etxe gutxi batzuk gehiago egin nahi ditu.
Kattuka haur eskolan bi unitate berri egin zituzten eta 24 ume gehiagorendako tokia sortu zuten horrela. Guztira ehun plaza. Guztiak beteta daudela jakinarazi du alkateak.
Bestelako lanak
Sakanako Mankomunitatea ur sarea sektoretan banatzeko sistema digitalak eta informatika sistema jartzen ari da Arbizun gaur egun. Horregatik izan dira ur horniduran etenak. Bestalde, Lakuntzako eta Arbizuko udalek hitzarmena sinatu zuten joan zen urtean, eta horrela egoera txarrean zegoen Sandindeiko zubia konpondu zuten.
Plazan jarritako toldoa hondatu zuen erauntsi batek joan zen urteko San Joan egunez. Hain justu arbizuarrak plazan merendu-afaria egiten zeudela. Horrelako toldorik atzera ere ez zuela jarriko aurreratu zuen Arbizuko Udalak. Izagirrek esan duenez, "euriaz babesteko baino, eguzkiaz babesteko, itzala emateko zerbaitean pentsatzen ari gara. Joan zen urtean, eguzkiagatik, festetako ekitaldi batzuk estalpera pasa behar izan genituen. Itzala emanen duten horiek nola jarri aztertzen ari gara orain", azaldu du alkateak.