Astekaria

"Loreek alaitasuna ematen diote etxe bati. Balkoia hutsik ikustea pena litzateke"

Maider Betelu Ganboa 2026ko ekainaren 10a

Arantza Amiano Gurrutxaga, Arbizuko Kale Nagusiko bere etxeko balkoian.

Arbizura ezkonduta etorri zenean hasi zen loreak jartzen Arantxa Amiano Gurrutxaga. Bitaminak, beste sekreturik ez dagoela uste du, eta esku ona izaten denborarekin ikasten dela.

1. Zenbat urte etxeko balkoian loreak jartzen?
Altzokoa naiz, ezkonduta etorri nintzen Arbizura. Amak loreak jartzen zituen, baina etortzean harritu nintzen; hemen askoz ere gehiago zaintzen ziren loreak. Besteak bezala, ni ere jartzen hasi nintzen. 35 urte dira jada. 

2. Aurretik bazenekien?
Ez, galdetu nuen. Esan zidaten lorontzi bakoitzean zenbat lore jarri behar nituen, ureztatu beharra nuela eta astean behin bitamina bota behar niela. 

3. Zein lore jarri dituzu?
Urte askoz huntzak ("hiedra" delakoak) jarri nituen, baina duela hiru urte bestelako loreekin nahasten hasi nintzen. Aurten, huntza frantsesita gorriak jarri ditut, eta surfinia antzeko batzuek, lore txikiagoa dutena. Ez dakit zein izen duten, baina finagoak dira, eta kolore askotakoak: horia, arrosa, morea, lila... Oso bereziak dira, hirugarren urtez jarri ditut. Frantsesitak bezala, hauek ere balkoian zintzilikatzen dira, eta oso politak dira, oso koloretsuak. Loreekin proba asko egin izan ditut, gustatzen zait. Behin surfiniak jarri nituen, berehala landare zorria sartu zitzaien eta erabaki nuen: inoiz gehiago. Baina beste landare batzuk probatu izan ditut, eta oso ongi.   

4. Loreak urtetik urtera gorde eta mantentzen dituzu?
Huntza, ez badu izotzik egiten, mantendu egiten da. Negua apala bada, ez da galtzen. Marroitzen dira, eta balkoia itsusia egoten da; nik uste dut jendeak horregatik kentzen dituela. Urteren batean utzi izan ditut, baina ez beti. Aurten izotza handia egin zuen egun batean, -10º C, eta dena galdu zen. 

5. Loreak zein maiztasunarekin ureztatu behar dira? 
Eguraldiaren arabera, baina egun hauetako beroekin, egunero. Beti iluntzean ureztatu behar dira, eguzkia ez dagoenean, ur hotzaren eta lur beroaren kontrastearengatik zaina usteldu egiten delako. Bestalde, ur gehiegi botatzea ez da ona, zainak usteldu egiten direlako. 

6. Bitaminak aipatu dituzu.
Astean behin botatzen diet bitamina likidoa, urarekin nahasita. Asko egiten die loreei, nabaritzen da. 

7. Beste sekreturen bat al duzu? Loreei hitz egiten diezu?
Ez ba! Herri erdian balkoira atera eta hitz egiten ez naiz hasiko (kar-kar). Loreak landatzeko garaian pixka bat okertuta jartzen ditut, ondoren loreak balkoitik beherantz zintzilikatzeko forma emateko. Loreei balkoiko barra artetik ateratzen eta beheranzko forma hartzen lagundu behar zaie. 

8. Arbizun etxeetako loreen txapelketa egin izan da urte askotan. Noizbait saritu zaituzte?
Ez, Arbizun lorez apaindutako balkoi eta leiho polit askoak daude. Azken urteetan ez dute txapelketa egiten.

9. Zeinek lore politagoak, pikea duzue Arbizun? Etxe honetakoek zer egingo dieten horren politak izateko... halako susmoak?
Ez ba! Gainera, nik uste dut ez dagoela sekreturik. Sekretua bitamina da, loreek behar dute. Eta kokapena. Loreekin esku ona izaten ikasten da. Gurea toki ona, eguzkiak goizean jotzen du, baina arratsaldean ez. Arratsaldean eguzkiak jotzen badu, loreak erre egiten dira. Alde hau oso ona da. 

10. Loreak izatea lan handia da?
Bai, lana eta gastua da. Gure balkoian 50 landare inguru egongo dira. Atera kontuak. Eta landareei lurra gehitu behar zaio, nik urtero aldatzen dudalako, bitaminak eta lana. Oporretara edo kanpora zoazenean norbaiti esan behar diozu ureztatzeko, bestela, akabo loreak. 

11. Baina, hala ere, loreak jartzea merezi al du?
Bai, niri loreak jartzea gustatzen zait. Pena emango lidake balkoia hutsik ikustea. Loreek alaitasuna ematen diote etxe bati, kolorea. Entzuten ari naiz jende oso nagusia dagoen etxeetan geroz eta lore gutxiago jartzen dituztela, lana baduelako. Nire alaba loreak jartzera animatzen dut, eta jartzen ditu. Aldaxkak prestatzen dizkiot eta batzuetan bueltan ekartzen ditu, berak dioen bezala "UCI-an sartzeko" (kar-kar). Baina saiatzen da, eta hori garrantzitsua da, gazteek loreak jartzen jarraitzea.