Hirigintza planean egindako aldaketa onartuta

Guaixe 2026ko ekainaren 11

Arbizuko ikuspegia Bakaikuko Hartzabaldik. ARTXIBOA

Eraikuntzek eta ordenantza-zonek oinplanoan duten okupazioaren parametro berriak ezarri dira. 

Arbizuko Udalak erabaki du hirigintza planeko hiri-lurzorurako eta lurzoru urbanizagarrirako arau partikularretako ordenantza-zonetan zehaztutako okupazioa aldatzea. Horrela eraikuntzek eta ordenantza eremuek oinplanoan duten okupazioaren parametro berriak ezarri dira Z.O-1, Z.O-2, Z.O-3, Z.O-7, Z.O-8 eta Z.O-9 antolamendu-eremuetan 

Aurretik indarrean zen hirigintza planak herriaren eremuaren arabera partzelako okupazio ehuneko desberdinak ezartzen zituen. Udalak azaldu duenez, "aurreikusitako aldaketak ez du eraikigarritasuna handitzen, ezta bere eremuko lursailei dagokien aprobetxamendu tipoa edo bitartekoa ere. Gainerako zehaztapen partikularrek ez dute aldaketarik jasan". 

Okupazioa %50etik %80ra pasako da Alde Zaharrean (Z.O-1), etxebizitza familia bakar atxikietan,  etxebizitza familia bakar isolatuetan, Sarrarten, baratza duten etxebizitzetan eta etxebizitza isolatuetan. 

Argudioak 
Herriko eremu bakoitzean gehieneko okupazioa ezartzea eremu horren tipologiaren araberakoa da, eta inguruan dauden eraikinaren bolumetriarekin antzekotasuna izateko. Hala ere, Arbizuko herri paisaia (gehienak familia bakarreko eraikinez osatuak) hautsi gabe, ahal den neurrian, Udalak hirigintza ekologikoago baten aldeko apustua egin nahi du, eredu arkitektoniko bat bulkatuz, lurzoruaren diseinuak eta erabilerak ingurumen inpaktua murrizteko.

Horregatik, aldaketa sustatu du, lurzatiaren ehuneko handiagoa okupatzeko aukera emateko, betiere eraikigarritasun eta aprobetxamendu marjinak, lerrokadurak eta gehieneko altuerak gainditu gabe. Eta horrela berdintasunezkoagoa da eraikitzeko lursaila duen edozein herritarren beharrak betetzeko, eta berdin optimizatzen da edozein ordenantza eremutan okupazio eskubidea.