Uztailaren 13an San Ferminetako Urzante desafioa egon zen Labriten egunero bezala leporaino beteta eta sekulako giroa zuen Labriten. Baiko eta Aspe enpresa nor baino nor aritu ziren, sari polita baitzuten jokoan: 1200 Urzante olio botila.
Lau eta erdian, Muruak (Aspe) Jaka (Baiko) izan zuen aurkari. Lehia oso bizian, azkenean Aspekoa gailendu zen, 18-15. Lehen puntua Asperendako.
Segidan binakako partida jokatu zen. Ezkurdia-Rezustak (Aspe) eta Artola-Mariezkurrena II.ak (Baiko) partida bizia jokatu zuten. Azkenean, 11-22 gailendu ziren Artola-Mariezkurrena II, Baikorendako lehen puntua eta berdinketa.
Buruz buru Rekaldek (Aspe) eta Amianok (Baiko) jokatu zuten partidak erabaki zuen guztia. Hau ere partida borrokatua izan zen, baina, azkenean, Amianok 13-18 irabazi zion Rekalderi eta Baikok irabazi zuen desafioa, eta Urzanteko 1200 olio botilak.
Binakako finala
San Fermin Binakako Torneoko finala gaur, uztailak 14, 17:15ean Labriten hasiko den jaialdian jokatuko da. P.Etxeberria-Zabaletaren eta Laso-Iztuetaren finalak ikusmin handia piztu du.