Besteak disfrutatzen eta oporrak pasatzen ari diren bitartean, bada jendea ongi pasatzeko lanean ari dena. Besteak beste, tabernetako zerbitzariak, eta Maialen Nuñez Florez aurten Arbizuko Kanpineko tabernan zerbitzari da. "Uda hau aprobetxatu dut Arbizuko Kanpinean lan egiteko". Martxoan hasi zen asteburutan lan egiten, "baina orain udako ordutegiarekin ordu dezente gehiago sartzen ditut". Sakanako gazte talde bat elkartu dira kanpinean lanean.
"Ezagunak dauzkat aurretik bertan lan egin dutenak, eta ongi hitz egin zidaten"
Behin uda amaituta lan egiteko aukera izango lukeela aipatu du arbizuarrak, "baina momentuz nire helburua da uda bukaturik lana uztea, diru pixka bat irabazteko, eta diru horrekin gidabaimena ateratzea helburu bat da". Gazteak oporrak alde batera utzi, eta "argi" zeukan udan lan egin nahi zuela, "eta banekien Arbizuko Kanpinak gazteak hartzen zituela tabernan lan egiteko". Dudarik ez zuen izan eta bertan lan egiteko idatzi zien, "gainera ezagunak dauzkat aurretik bertan lan egin dutenak, eta hari buruz ongi hitz egin zidaten. Aukera ona izan zen kanpinean lan egitea". Martxoan hasi zenez, udako sasoirako ikasten egon zen, udan "martxa" gehiago dagoelako.
Gazteak
"Gazte talde bat elkartu gara kanpinean, eta ongi pasatzen dugu ere"
"Egia da ordu dezente sartzen ditudala lanean, baina azkenean udan munduko denborarik gehiena dugunez ezer ez egiteko, eta lan egitera joateak entretenimendua ematen dit ere". Are gehiago, gaineratu du arbizuarrak, gazte talde bat elkartu da kanpinean, "eta ongi pasatzen dugu ere".
Uda pasatzeko beste modu bat da lanean aritzea. "Sakanako gazteei gomendatuko nien denbora librea daukagulako". Bestetik, Arbizuko Kanpineko tratua "oso ona" dela esan du: "Eta dirua irabaztea nahi baldin baduzu leku on bat da lan egiteko".