Astekaria

"Pasioa daukat egiten ditudan proiektuekin; asko inplikatzen naiz"

Erkuden Ruiz Barroso

Katrin Ginea, ezkerrean, Mitoaroa-ren koordinazio lanetan. IKER GOZATEGI

Katrin Ginea ZETAKen 'Mitoaroa' ikuskizunetan artisten koordinatzailea izan zen. Orain arbizuarra Suakai taldearekin lanean ari da eta, besteak beste, ekoizpen arduraduna da.

ZETAKek ekainean San Mamesen egin zuen Mitoaroa III. Mariren etorrera ikuskizunean 350 pertsona baino gehiago pasa ziren eszenatokitik eta, besteak beste, horiek kudeatzen Katrin Ginea egon zen. Pello Reparazek egindako hiru ikuskizunetan lan egin du arbizuarrak; Eskandinavian bizitzen zegoela jaso zuen proposamena. Hainbat proiektutan murgilduta dago, tartean Suakai musika taldearen ekoizpen arduraduna da.

Nola iritsi ziren 'Mitoaroa' proiektura?
Bitxia da. Nik Iruñeko Geltoki proiektuan lan egiten nuen. Koordinatzailea nintzen. Prozesu pertsonal gogor batetik pasa nintzen eta gorputzak eta buruan gelditzeko esan zidaten eta lana utzi nuen. Orduan, bidaiatu nahi nuela erabaki nuen eta Eskandinaviara joan nintzen. Suedian hainbat hilabete egon nintzen eta hor nengoela Pellori beste batendako fabore bat eskatzeko Pellori idatzi nion, eta berak bueltan beste bat bidali zidan: "Katrin, Mitoaroa-rekin laguntza behar dut; pertsonaien koordinatzaile bat behar dut eta badakit kanpoan zaudela baina...". Gabonak zirenez eta Gabonetarako itzuliko nintzenez, baietz esan nion.

Lehenengo 'Mitoaroa'-rako?
Bai, hori da. Hori izan zen 2024ko azaroan (Mitoaroa I 2025eko ilbeltzaren hasieran izan zen, Nafarroa Arenan). Lan hori hilabete eta erdian egin genuen. Egia da aurretik lana egina zegoela, pertsonaia batzurekin hitz eginda zeukan, momotxorroekin, kasu, Unanun egindako kontzertuan egon zirelako. Baina joaldunekin, esaterako, harremanetan jarri behar nintzen ere. Horrela sortu zen aukera. Egia da Pellorekin aurretik hainbat lan eginda nituela, herrikoak gara, elkar ezagutzen dugu, lagunak gara.

"Kultur programazioan, zinemaren munduan eta produkzioan aritu naiz"

Musikaren munduan ibilia zinen?
Musikaren munduan, egia esan, ez hainbeste. Azken urteetan gehienbat kultur programazioan, zinemaren munduan eta produkzioan aritu naiz.

Zein izan zure lana 'Mitoaroa'-n?
Mitoaroa-n herrietako inauterietako pertsonaiak kudeatzea izan da nire lana. Azken honetan artistikako koordinatzailea izan naiz. Zer esan nahi du horrek? Alde batetik, momotxorroak, mamuxarroak, joaldun txatar eta horiekin guztiekin harremanetan jartzea, nortasun agiriak eskatzea, nor etorriko den konfirmatzea, entseguak kudeatzea... Baita aktore eta kolaboratzaile guztiak kudeatzea ere; noiz etortzen ziren, hotelak, entseguak, makillaje eta ile apaintzaile probak noiz egin, jantzitegia, neurriak eskatu... Musikarientzat laguntzaile bat izan dut, Urki, eta Urkik musikariak koordinatu ditu.

Noiz hasi zineten prestatzen?
Urtarrilaren 15ean Pellok eta lantaldeak gidoia aurkeztu ziguten, San Mamesen. Bost hilabete baino gehiago.

Zenbat pertsona kudeatu zenituen?
Eszenatoki gainetik 370 pertsona inguru pasa ziren. Gehiengoa herri inauterietako pertsonaiak izan dira: Altsasuko momotxorroak, Unanuko mamuxarroak eta Arbizuko txatarrak... Eta San Mamesen ere, ekainean, Galiziatik etorri ziren. Galiziako hiru inauteri ekarri ditugu, baina ni sei herrirekin jarri nintzen harremanetan, baina ezin izan zuten. Oraingo honetan ere Sartagudako alargunak izan ditugu, 82 direla. Horiek taldea aritzen dira eta koordinatzaile batekin hitz egiten nuen eta bera arduratzen zen komunikazioa helarazteaz. Kasu horretan ez zegoen jantzitegi frogarik, makillajerik eta abarrik beraiek kudeatzen zutelako. Baina, bestela, aktore eta musikari guztien jantzitegia kudeatu behar genuen. Hamabi makillatzaile eta ile apaintzaile egon ziren. Horrek esan nahi du zer nolako tamaina izan zuen. 15:30ean hasi ziren makillatzen eta ikuskizuna 22:00etan zen. Azken orduan askori txip bat jarri behar zitzaien ere.

Zer behar da koordinazio lan hori egiteko?

"Bizia eta erresolutiboa izan behar zara, lanetara aurreratzea; baina gozo izatea ere"

Bizia eta erresolutiboa izatea; lanei aurreratzea. Baita jendearekin goxoa izatea ere, eta dagokionean zure tokian jartzea. Azkenean, herri inauterietako pertsonaiei ordaintzen bazaie ere, ez da lan bat, eta zaindu behar zaie. Aktoreak eta kolaboratzaileak ere zaindu behar dira, noski, baina haien lana da. Garrantzitsuena da jarrera ona izatea. Alde horretatik jendea oso pozik egon da. Laguntzaile bat izan dut, Kris; San Mamesen jende guztia kamerinoetan egoteaz arduratzen zen.

Kolaborazio handiak izan dituzte 'Mitoaroa' ikuskizunek, zaila handia izan da horiek bilatzea?

"Niretako oso erraza izan da beraiekin lan egitea; prest zeuden eta oso jatorrak dira"

Ez. Batzuk Pellok oso argi zuen pertsona hori nahi zuela eta zuzenean berak kontaktatu zuen beraiekin -Grison edo Samantha Hudson-, eta beste batzuk gidoian pertsona aurkezten zen eta kastina egin genuen. Kastinak egiteko pertsona bat genuen, eta berak aktoreak proposatzen zituen eta Pellok egokienak aukeratzen zituen. Kasu gehienetan baiezkoa izan da eta ezezkoetan lan kontuengatik ezin zutelako izan da. Jendea prest zegoen. Euskaldunendako sekulako proiekzioa izan da eta oso pozik egon dira. Estatu mailakoak ere, Samantha, Loles, Grison... Parte hartzearekin oso pozik zeuden eta oso jatorrak dira. Niretako oso erraza izan da beraiekin lan egitea. Batzuk agente bat zuten eta beraiekin hitz egiten genuen, eta beste batzuk zuenean berarekin.


Katrin Ginea, eskuinean, Samantha Hudsonekin. JON OLARTE

Behin amaituta, zer esaten zuten?
Oso pozik gelditu ziren. Denak. Flipaturik. Denek aipatzen zuten Pelloren ahalmena gauza hauek egiteko. Gogoratzen naiz lehenengo gidoia irakurri nuen jartzen zuela: Pello ur tanke batean sartzen da. Eta pentsatu nuen: Zer??? Flipatu nuen. Eta orain San Mamesekoaren ondoren hori gutxienekoa iruditzen zait! Aktore eta kolaboratzaile guztiek ikusi dute. Ikuskizuna ondo joan da, zaindu zaie, Pellorekin ondo egon dira oso gertukoa delako eta batek baino gehiago esan dit prest dagoela hurrengorako ere. Ia denek esan dute.  

Eta zu hurrengoan egongo zara?
Ez dakit. Ikuskizuna eta gidoia prestatzen ari da, beraz, ideiarik ez daukat. Ni pertsonaiak, aktoreak eta kolaborazioak egon direnean egon naiz, eta horrek ez du esan nahi hurrengoan badaude ere nirekin kontaktuko duenik. Gustatuko litzaidake, noski baietz.

Beste proiektu batean zaude: Suakai. Nola sortu zen aukera?

"Pila bat gustatzen zait Suakaik egiten duena; musika klasikoari buelta eman diote"

Suakai aspaldi ezagutzen nuen. Egiten dutena pila bat gustatzen zait. Ivan Carmona eta Claudia Oses dira musikariak, eta musikari buelta bat eman diote. Klasikotik datoz eta elektronika egiten dute. Kolektibo bat dira eta ikuskizunaren arabera musikari batzuekin edo beste batzuekin parte hartzen dute. Beraien lana jarraitzen nuen eta bat-batean lanpostua sortu zen eta profila erabat betetzen nuen: ekoizpena eta dirulaguntzen kudeaketa. Geltokin ere dirulaguntzak kudeatzen nituen. Justu urtarrilean erabaki nuen autonomoa jartzea artista eta kolektiboendako dirulaguntzak kudeatzeko, deitu ninduten eta sartu nintzen. Musika banden federaziorako dirulaguntzak kudeatzen egon naiz ere. Hiru proiektuekin batera aritu naiz. Oso lanpetuta, egia esan. Suakairekin biran egon naiz; espainiar estatutik Musica en cada rincón proiektua egiten dute, zazpigarren urtea da, eta herri oso txikietara musika eramaten dute. Hain zuzen, sartu nintzenean lehenengo lana espainiar estatuko diputazio guztiekin harremanetan jartzea izan zen, proiektu hau aurrera eramateko. Denboraldi berrian berriekin datoz, baina oraindik ezin dut esan. Abenduaren 30ean ere Nafarroa Aranen erraldoiekin ikuskizun handia egingo dute. Aurten hamar urte betetzen dute eta gauza berezi pila bat prestatzen ari dira. Datorren urterako sekulakoak presatzen ari dira.

Zure lana nahiko ezkutukoa da, ezta? 
Askok galdetzen didate ea zein den nire lana, bai. Egia da jende gehienak ez duela ikusten hor atzean dagoen lan guztia. Kaleko jendeak ez du hori sumatzen. Emaitza ona denean, atzean dagoen lan hori ona izan delako da. Mitoaroan, adibidez, aktoreek eta kolaboratzaileek ikusten dute atzean dagoen lan hori. Ordu askok lan bat da, lan handia; ordenagailuaren eta telefonoaren aurrean ordu asko pasatzen ditut. Gainera, proiektuetan asko inplikatzen naiz,e ta ez dakit deskonektatzen. Suakain, adibidez, bi pertsona gaude, eta askotan esaten diote bi pertsona egoten hainbeste lan dagoen, eta bai. Dirulaguntzak eskatzea ez da batere erraza izaten, dokumentazio asko eskatzen dute eta abar.  

Proiektu gehiago aurreikusten dituzu?
Lorena Arangoa clownarekin elkartu nintzen dirulaguntzak kudeatzeko pertsona bat behar duela, eta harremanetan gaude. Horrelako proiektuaetan. Pasioa daukat egiten ditudan proiektuekin. Nire lana ulertzen administrazio lana dela esan daiteke. Geltokin nik eramaten nuen administrazio, aholkularitza batekin. Aurrekontuak eta dirulaguntzak nik kudeatzen nituen. Administrazio lan asko dago eta kulturaren munduan lan hori gorrotu duen jende asko dago; artista gehienak oso onak dira artista lanetan, baina kudeatzen ez. Tristea da, baina kulturaren munduan dirulaguntzekin lan egiten da, eta nire profileko pertsonak behar dira.

Atzerrian bizitzen egon zinen, zergatik Eskandinavia?
Bizitza guztian zehar denboraldi batez atzerrian bizi nahi izan dut; ingelesa ikasteko edo hobetzeko. Arrazoi desberdinengatik ezin izan dut egin bizitza osoan, eta 40 urte bete nituenean eta sasoi horretan nengoenean pentsatu neun ez banuen orduan egiten, ez nuela egingo, eta ideia burutik kentzen hasi nintzen. Duela hiru urte amai hil zen, eta gorputzan gaixotasun pila bat ateratzen hasi zitzaidan. Ziatika batekin baja hartu nuen, baina lanera itzuli nahi nuen, eta hurrengo egunean baja hartu behar izan nuen berriz ere konjuntibitis birika fotofobika batengatik.

Gorputza hitz egiten ari zen.
Bai. Medikuak esan zidan gelditu arte gorputzak bata bestearen atzetik jarriko zitzaizkidala. Hor erabaki nuen Geltoki uztea. Sekulako pena eman zidan nik jarri nuelako martxan; beste batzuekin batera, baina nire proiektua zen. Utzi nuen eta momentu horretan pentsatu nuen: bada agian bidaiatzera noa. Nora? Hasiera batean Amerikako Estatu Batuetara joatea pentsatu nuen. Bertako lagun bat daukat eta berak joateko esan zidan. Begiratzen hasi nintzen ikasle bisado batekin joaten turista bezala bakarrik hiru hilabeterako delako, eta momentu horretan Trump iritsi berri zen eta tiroa eman ziotenean izan zen... Ni ere ez nengoen prest depresio batetik pasa nintzelako. Fisikoki gaizki nengoen, eta depresioarekin ere. Bakardadea etorri zitzaidan eta ahizpak gertu izan nahi nuen eta AEBetatik itzultzea ez zen hain erraza. Horregatik Europa pentsatu nuen. Duela urte batzuk bidaiatu nahi izan nuen, baina oso garestia zen eta lagun batek esan zigun ez zela sasoirik hoberena joateko. Baina unea iritsi zen; boluntario bezala Eskandinaviara joatea pentsatu nuen. Kultur proiektu desberdinetan boluntario lanak egiten egon naiz; ohe eta janari trukean lau ordu egiten duzu lan eta bertako jendea ezagutzen duzu. Haien hizkuntza dute, baina ingelesa maila altua dute ere. Oso ondo pasa nuen, baita momentu oso gogorrak izan nituen ere. Oso hotza da, arlo guztietan. Asko kostatzen zaie sozializatzea. Lau hilabete Suedian eta lau Kopenhage pasa nituen. Arbizura etortzen diren bertakoekin egon nintzen eta gero laneko arduradunarekin ere ateratzen nintzen, baina bestela jendeak ez zidan beraiekin ateratzeko esaten. Baina aldi berean oso polita izan da, eta zonalde hori oso polita da.