Pilota

Ezkurdiak ezin izan zuen Bermeoko trofeoa etxera ekarri

Guaixe

Ezkurdiak eta Rezustak ezin izan zuten Bermeoko Hiria Trofeoa irabazi. ARTXIBOA

Aurrelari arbizuarrak eta Rezustak 14-22 galdu zuten Lasoren eta Iztuetaren kontra.

Baiko enpresak, duen bikoterik indartsuena, Laso eta Iztueta, elkarrekin programatu ditu udako torneo ia guztietan, Gasteizko Andra Mari Zuriaren Torneoan izan ezik. Katedrako pilotazale askok Baikoren nolabaiteko errebantxa ikusten dute hor, egun Baikok eta Aspek nagusi berbera izanda, agian Baikori mesede egiteko tentazioa. Gauzak horrela, Laso-Iztuetak San Fermin, Donostia Hiria eta Bilboko Aste Nagusia torneoak irabazi dituzte, udan elkarrekin jokatutako guztiak, eta horiei laugarrena batu zaie: Bermeoko Hiria Torneoa.

Bermeoko Hiria torneoko finala Ezkurdia-Rezustak eta Laso-Iztuetak jokatu zuten. Partida gogorra izan zen; 57 minutu iraun zuen lehian 514 pilotakada gurutzatu ziren. Hasieran bi bikoak parez pare aritu ziren, baina gero urdinak gailentzen hasi ziren. Hortik aurrera, Laso izan zen protagonista. Bizkarretakoak anbizio handiarekin jokatu zuen, Iztueta handi baten laguntzarekin. Iztueta eta Beñat Rezusta nor baino nor lehiatu ziren atzeko koadroetan, eta Iztuetak lan handia egin behar izan zuen behetik gora igo zen Rezustaren parean egoteko. Ezkurdia ongi aritu zen, baina Lasok errematean izandako efektibitatea, sotamanoekin, gantxoekin eta denetariko tantoekin, sufrikario latza izan zen arbizuarrarendako. Hala ere, gorriak partidara heldu ziren eta ez zuten amore eman. Baina 12-15etik aurrera Laso eta Iztueta gailendu ziren eta, azkenean, 14-22 irabazita, Bermeoko Trofeoa lortu zuten Laso-Iztuetak.