Ikastaroa antolatu du Arbizun.
1. Zer da txalaparta?
Guztiok ezagutzen dugun musika tresna eta, bestetik, bi pertsonen arteko jolas bat da.
2. Nola jotzen da?
Gauzarik garrantzitsuena tempoak bi txalapartarien artean banatzen direla da. Orduan, dena bien artean jotzen da. Batzuetan batek proposatzen du zerbait eta besteak jarraitzen dio, eta beste batzuetan bigarren horrek jolasen bat proposatzen du eta lehenengoak jarraitzen dio. Bi txalapartarien arteko etengabeko elkarrizketa bat da.
3. Inprobisatzen da?
Txalaparta ezagutu genuenean, duela 60 urte inguru, aitatxi horiek beti inprobisatzen zuten. Jotzen zituzten kolpe zehatz batzuk eta kolpe horiekin inprobisatzen zuten. Haien jotzeko modua zen: batek beti mantentzen zuen kolpea, horrek egiten zuena lurra zen, eta bigarrenak inprobisatzen edo jolasten zuen, haizea izango zena. Lurra eta haizea. Gaur egun, inprobisatzen dugunean biok jolasten dugu eta batzuetan paperak aldatzen ditugu, beste batzuetan batek agintzen du eta bestea jarraitu... Oraingo txalapartariek inprobisazio puntu hori eta partiturak nahasten ditugu. Partiturak ere erabiltzen ditugu, gure kantak sortzen ditugu eta denetarik sortzen dugu.
4. Zertarako erabiltzen zen txalaparta?
Oso mito zabalduta dago Euskal Herria eta kanpoan ere txalaparta komunikatzeko erabiltzen zela. Aitatxiek kontatu digute, 1960ko hamarkadan, gauzak ospatzeko jotzen zutela, eta ospatzeko gauzarik garrantzitsuena sagardogintza zen. Sagardoa dastatzeko prest zegoenean, garai eta jaialdi horretan, txalaparta jotzen zuten. Komunikazio mito hori uste dugu datorrela txalaparta baserri batetik bestera entzuten zutenean bazekitelako ospatzen ari zirela edo sagardoa prest zegoela. Hori komunikazioa da, baina ez zen komunikatzeko erabiltzen. Azkenik, komunikazioa da bi pertsonen artean jo behar delako. Bi pertsona, bi buru eta lau beso daude. Komunikazioa egon behar du bai edo bai.
5. Orain, noiz jotzen da?
Oso urte gutxian asko-asko aldatu den musika tresna bat da. Aldatu da fisikoki, bere garaian ohol bakarra zen eta bi saskien gainean jartzen zen eta makil erraldoiak erabiltzen zituzten jotzeko, eta gaur egun bikote bakoitzak bere txalaparta dauka eta ez dago estandar bat. Batzuetan lau oholeko txalaparta izan daiteke, zortzikoa, afinatua, egurra, beste material desberdinak (harria, burdina, baratzeko bidoiak...). Eta non jotzen da? Bere esparrua ere asko aldatu da. Lehen bakarrik baserrietan ikusten zen, eta hasierako haiek, Beltran eta Artze anaiek egin zutena izan zen baserrietatik hirietara jaitsi. Gaur egun, txalaparta Olentzerotan ikus dezakegu, baita flamenkoarekin, jazzarekin, dantzarekin eta abarrekin nahastuta. Musika eta arte diziplina desberdinekin. Duela 60 urte ezinekoz zen. Oso gutxi gelditzen ziren, desagertzear egon zen eta gaur egun asko ikusten da.
6. Noiz hasi zinen?
1999an hasi nintzen, Errotxapean egin zen ikastaro batean, eta asko gustatu zitzaigun. Ikastaro horretatik lau edo bost gelditu ginen eta astero jotzen genuen. 2002an ikastaroak ematen hasi ginen. Gaur egun arte.
7. Zerk deitu zizun?
Txalapartak badu zerbait beste musika tresnek ez duena: bi pertsonen artean jo behar da eta askotan taldean jotzen da. Oso ongi pasatzen duzu ikasten duzun bitartean. Ez da txirula bezala, adibidez, partitura hartu eta etxean praktikatu behar duzula. Praktikatzeko lagun bat behar duzu. Horrek egiten du berezia.
8. Pertsona horiekin konfiantza behar duzu?
Guztiz ezezagunak izan daitezke. Hobe ere izan daiteke. Batzuetan betiko lagunekin nolabaiteko portaerak kutsatzen dira. Harreman guztietan bezala agian batekin oso ongi aritzen zara, beste batekin ez, baina bi horiek elkarrekin oso ongi moldatzen dira. Harreman pertsonalekin bezala. Norberaren izaera ere ikusten da txalapartan.
9. Sakanan ohitura zegoen?
1960ko hamarkadan berrezagutu zenean Gipuzkoako hiru txoko oso konkretuetan izan zen: Astigarraga, Lasarte eta Martutenen. Sakanako txalapartari batzuk ezagutzen ditut: Altsasun, Uharten... Duela hogei bat urte Etxarrin ikastaroa egin genuen ere.
10. Ikastaroa antolatu duzue Arbizun. Nola sortu da?
Unanura bizitzera etorri naiz, eta txalaparta maite dudanez asko astindu nahi dut Sakana txalapartarekin. Hasiera batean Altsasuko Musika Eskolan egon nintzen, eta trabak izan nituen, orduan toki desberdinetan galdetzen egon nintzen, Etxarrin aukera bat egon zitekeen... Azkenean Arbizuko Udalarekin hitz egin nuen eta eskola zaharra utzi zidaten eta oso pozik. Hasiberriendako eta pixka bat dakitenendako taldeak daude, eta plaza bat eta bi gelditzen dira.
11. Zerbait berezia behar da jotzeko?
Edonork jo dezake. Gogoa behar da. Jolasa zein den ulertu, eta gogoa. Tempoa jarraitzen baduzu errazago da, eta gorputza mugitzeko erraztasunak ere laguntzen du.