Pilota

Ezkurdia-Albisuk Masterserako ez dute gustuko pilotarik aurkitu

Maider Betelu Ganboa

Ezkurdia eta Albisu, pilota aukeraketan. NAFARROA ARENA

Urriaren 2an, ostirala, jokatuko dira CaixaBank Masterseko finalerdiak Nafarroa Arenan (21:00). Artola-Rezustak Elordi-Mariezkurrena II dituzte arerio lehen finalerdian, eta bigarrenean Ezkurdia-Albisuk Zabala-Iztuetaren kontra jokatuko dute. 

Pilota "sosoak"
Materiala irailaren 29an aukeratu zuen laukoteak. Ezkurdiak eta Albisuk ez zutela nahi zutena topatu esan zuten argi. "Txinparta duen pilota bilatzen aritu gara, ongi mugitzen dena, baina ez dugu aurkitu. Soilik bakarra gustatu zaigu. Pilota sosoak dira; horietatik batzuk botea hartzen bukatzen dute, baina, egia esan, gehiago espero genuen" kexatu zen Ezkurdia. 

Arbizuarrak San Mateo Torneoko finala jokatu zuen igandean Martijarekin batera, eta 22-11 galdu zuten Jakaren eta Mariezkurrenaren kontra. Mastersean du itxaropena, eta Sakanarekin lotura handia duen atzelaria du bidaide: Albisu. Ataundarraren ama lakuntzarra da eta anaia Arbizun bizi da. Beraz, Sakanak bion alde egingo du arraun, Binakako finalean ez bezala, orduan arerioak izan baitziren. Zabala eta Iztueta gazteak arerio latzak dira, baina bikote beteranoenak konfiantza alde duela adierazi zuen agerraldian. 

Finalerdietako bi irabazleek urriaren 4an jokatuko dute Masterseko final handia, frontoi berberean (17:15).