Pilota

Ezkurdia eta Albisu Masterseko txapeldunorde final ikusgarrian

Guaixe

Masterseko finala ikusgarria izan zen. ASPEPELOTA.EUS

Elordi eta Mariezkurrenarekin parekotasun handiz jokatutako finala azken txanpan erabaki zen.

Itxura ederra eta giro bikaina zuen Nafarroa Arenan jokatu zen Caixabank Masterseko finala. Ezkurdia eta Albisu finalerdietan Zabalari eta Iztuetari 22-13 irabazi eta iritsi ziren finalera, eta Elordi eta Mariezkurrena Artolari eta Rezustari 13-22 irabazita. Final handirako, beraz, bi jotzaile handi, Mariezkurrena eta Albisu, eta bi aurrelari sendo, une onean dauden Elordi eta Ezkurdia. Ikusmina, beraz, handia zen. 

Masterseko finala ederra izan zen, zaletasuna sortzen duten horietakoa, lau pilotariek ikaragarri jokatu baitzuten. Partida erdira arte parekotasuna zen nagusi. Bosna, seira, zortzira eta bederatzira berdindu zuten bi bikoek, tanto gogor eta piloteatuetan. Atzeko koadroetan lehia gogorra, eta aurrean antzeko. Hamahiruko berdintasunaren ondoren dinamika aldatu zen, urdinen aldera. Mariezkurrenak tanto erabakigarriak egin zituen jarrian: txokoan, eskuinkada eta bipareta, eta aurretik jarri ziren, 14-20. Gorriek ez zuten etsi eta Ezkurdiaren erremate ederrei esker markagailuan gerturatu ziren, 16-20. Hurrengo tantoa luzea bezain gogorra eta ederra izan zen, 70 pilotakadakoa; Elordi eta Mariezkurrenaren alde erori zen, Elordiren ezkerkada bikain bati esker eta partida erabakita utzi zuen. Azkenean, Elordi eta Mariezkurrena 16-22 gailendu ziren eta Berriozarko atzelariak bere laugarren Mastersa irabazi zuen. 

Aitor Elordi izendatu zuten partidako pilotaririk onena. Nolanahi ere, Ezkurdiak eta Albisuk maila ikaragarria erakutsi zuten eta beteranoek udako azken trofeoa irabazteko gai zirela erakutsi zuten. Horregatik alde batetik penatuta, baina bestetik kontentu zeuden. “Borrokatu dugu baina batzuetan kontrako uretan aritu gara. Nolanahi ere, kantxan dena eman dugu eta alde horretatik gustura gaude” nabarmendu zuen Ezkurdiak. Orain lau eta erdian maila ona ematea da bere hurrengo erronka.