Txistor Eguna asteburu osoko egitarauarekin etorri zen

Guaixe

Gazteak parrandarako indarrak hartzen. UTZITAKOA

Arbizuko Gazte Asanbladak astebururako ekitaldiak antolatu zituen. 

Aurtengo Arbizuko festak sei egunekoak izan ziren, aurrekoetan baino egun bat gutxiago. Hori dela eta, Arbizuko Gazte Asanbladan (AGA) "hainbat ideia sortu ziren. Eta Txistor Eguna egun polita denez, asteburu guztiko egitarau bat antolatzea pentsatu genuen". AGAko kideek azaldu dutenez, "aurretik ez dugu halakorik antolatu. Lehen aldia da data horretan asteburu osoko egitarau bat antolatzen dugula".

Txistor Egunean baserritarrez jantzita kalera ateratzeko eskatu zuten AGAko kideek. Gainera, gazte asanbladako kideak estreinakoz Argi Bidea elkarte gisa pintxo lehiaketan parte hartu zuten. "Berdinketa teknikoa izan zen eta bigarren gelditu zen gure pintxoa", azaldu dute. 

Igandea
AGAkoek Txistor Egunerako bazkaria prestatu zuten. "Lehen helduek egun horretan bazkaria antolatzen zuten, beraz, guri ere hori egiteko aukera eta egun aproposa iruditzen zitzaigun", azaldu dute gazte asanbladako kideek. Ziurtatu dutenez, arbizuarren aldetik "harrera ona jaso dugu. Gogotsu eta ilusio handiz hartu dugu" ziurtatu dute. Plazan bazkaldu zuten. Herri bazkari horretako menuan, jakina, txistorra presente egon zen: "lehenengorako txistor zopa. Bigarren platera txistor plater konbinatua eta, bukatzeko, txistor mousse-a". Hori gutxi ez eta, Argi Bidea elkartean txistor pintxoak dastatzeko aukera egon zen egun guztian. 

Egun horretako egitarauan gazteek zuten Hispanitateari su, EUSKAL HERRIA ASKATU leloa zuen kontzentrazioa. "Ondoren, gaua pixka bat alaitzeko, Sutargi erromeria plazan! Eta parranda jarraitzeko, disko jartzailea elkartean". Txistor Eguna begiz jota izan da ere, AGAko kideek ostiralerako eta larunbaterako, lastailaren 9 eta 10erako, egitaraua antolatzera animatu ziren.

Elkartea
AGAko kideek azaldu dutenez, Argi Bidea elkartea "azken boladan elkarkideen beherakada baten murgilduta geunden eta etorkizuna nahiko beltz ikusten genuen. Hala ere, azken hilabeteetan gazte asko animatu dira, eta inoiz baino biziago dago elkartea. Oso ondo etorri da haize fresko bolada bat, gazte berriek gogo handia eta ideia berriak ekarri baitituzte", esan dute.

Ziurtatu dutenez, "elkarteak bizi handia du aste guztian. Egunero hainbat adinetako jendea biltzen gara bertan". Argitu dutenez, "asanblada bidez funtzionatzen dugu. Horietan edozein elkarkidek parte har dezake. Ostiral arratsaldeetan egiten ditugu: bertan solasaldiak ditugu, denon arteak erabakiak hartzen ditugu eta aurrerako ekintzak antolatzeaz aparte". Gaineratu dutenez, "ostiral batzuetan ere pintxopoteak antolatzen ditugu herritar guztiendako".

Jakinarazi dutenez, asanbladako kideek "hainbat ekintza ditugu buruan. Herriarendako hainbat eskaintza antolatu nahiko genituzke. Buruan dugun hurrengo data Gazte Eguna da! Azaroak 13-14an ospatuko dugu!"

Gazte asanbladako kideek "sakandar guztiei asteburu zoragarri honetaz gozatzera animatzen ditugu, ostiraletik hasita giro paregabea izanen dugu herrian. Eta etorriko diren egun eta hainbat ekintzetan ere".