16. Txistor Eguna hartu zuen Arbizuk atzo, lastailak 11. Jende asko elkartu zuen hitzorduak. Askok beraien ibilgailuetan joan ziren Arbizura. Baina zenbait lakuntzar eta etxarriar oinez edo bizikletan joan ziren. Goizean zehar txistor pintxoak dastatzeko aukera izan zen. Guztira 120 kilo prestatu zituzten, 2.000 bat pintxo, Embutidos Arbizu eta Juan Flores enpresek emandakoak. Jatekoari laguntzeko ardoa edo mostoa zegoen aukeran. Dastaketa egiteko hiru euro ordaindu beharra zegoen.
Txistorraz egindako pintxo lehiaketara sei parte hartzaile aurkeztu ziren. Irabazlea zein zen eguerdian jakin zen: Juanito tabernaren Arbizushi. Zahara Boujaja eta Mª Jesus Lopez de Sabando sukaldariek Shushi kurruskaria txistorrarekin, aguakatearekin, gazta kremarekin eta zilantro ukituarekin prestatu zuten. Saria Jon Razkinek jaso zuen. Tabernarekin hiru urte daramatzate eta bigarren aldia da lehiaketa irabazten dutena. Razkinek jakinarazi duenez, ostiraleko pintxopoteren batean dastatzeko jarriko dute pintxo irabazlea. Epaimahaia honako hauek osatu zuten: Javier Diazek, Alhambra jatetxea; Nerea Caballek, Izarra jatetxea; Juantxo Saenzek, Herriko Taberna eta Mila Berastegi eta Esther Razkin arbizuarrek
Gehiago
Karrika Nagusian elikagai eta artisautza 36 postu izan ziren. Jakina, tartean txistorra salgai zegoen. Salmahaietako eskaintza tentagarria izan zen arbizuar eta bisitariendako. Baita jolas parkearen ondoko markesinan eskaintzen ziren odolki pintxoak ere. Han bertan txistorra ohiko eran nola egiten den erakutsi zuten.
Erraldoi eta buruhandien konpartsa ere atera zen Txistor Eguna girotzera. Haizeberri gaitarien doinura dantzatu zuten. Bestalde, 90 trikitilarik ospakizunari doinua jarri zioten: Berriozar, Iruñeko Alde Zaharreko, Barañain, Zizur Nagusia, Txantrea, Lizarra, Arbizu, Bakaiku eta Altsasuko eskoletako ikasleak ziren.
Arbizuko Gazte Asanbladak (AGA) antolatutako herri bazkaria izan zen eguneko berritasuna. Arratsaldean, Korrontzirien Mundua dantzan ikuskizuna izan zen. Bertan Arbizuko eta Altsasuko dantzariek parte hartu zuten. AGAk antolatutako hispanitatearen kontrako kontzentrazioa eta ondorengo erromeria eta gaupasarekin despeditu zen eguna.