Iruñeko Labrit pilotalekuan sekulako giroa zegoen urriaren 24an. Lau eta Erdiko Pilota Txapelketako bigarren jardunaldian Ezkurdiak eta Elordik partida erabakigarria zuten jokoan, biak lehen jardunaldia galtzetik zetozelako eta jokoan zegoen puntua urrezkoa zelako.
Ezkurdiak eta Elordik partida ikusgarria egin zuten. Hasieran Ezkurdiak hartu zuen aurrea, Labrit alde zuela (2-0), baina Elordik lau tanto segidan egin zituen eta 2-4koa ezarri. Ezkurdiak sakea berreskuratu eta 7-4, 9-6 eta 13-8 jarri zen aurretik, maisuki jokatuta. Une horretan, bada, pilotari bizkaitarra 13-12 gerturatu zen, eta 14-17 irauli zuen markagailua. Ezkurdiak ez zuen behera egin eta takada sendo batekin 17ra berdindu eta 18-17 aurreratu zen. Partida zabal-zabalik zegoen eta markagailuan alternantzia egon zen: Elordi 18-19 aurreratu zen, baina Ezkurdia 20-19 jarri zen aurretik.
Giro ona, pilotari onak, partida ikusgarria... Elordik 20ra berdindu arte. Markagailua 20-20 zegoela gertatu baitzen polemika. Ezkurdiak bi pareta ederra egin zuen, Elordik ezin izan zuen behar bezala erantzun, kanpora joan baitzitzaion. Katedrak Ezkurdiaren tantoa txalotzen zuen bitartean Ezkurdiaren bi pareta txapa izan zela kexatu zen Elordi, eta epaileek hala seinaleztatu zuten. 20-21 Elordirendako, ustezko txaparengatik. Labriten zalaparta handia sortu zen, Joseba Ezkurdia eta bere anaia Mattin, botilleroa, kexaka hurbildu zitzaien epaileei, baina ez zuten aldaketarik egin. Ezkurdiak, partidatik aterata, gora bidali zuen azken sakea eta horrela despeditu zen partida, polemika handiarekin (20-22).
Ezkurdiak oso argi du
“Bi pareta bota dut, Aitor justu-justu pilota onera jartzen saiatu da eta zabalera joan zaio. Nik garbi nuen ona izan zela, eta atzerantz nioan sakea prestatzera epaileek txapa zela erabaki dutenean. Partida horrela bukatzea pena handia da. Berriro diot, nik garbi dut pilota ona izan dela. Aitorrek, inertziarekin, txapa eskatu du eta ez dago besterik. Azkenean nik uste bera okertu dela, epaileek ez dutela asmatu... momentuan erreta, bero eta haserre nengoen, momentu kritikoa zelako, erabakigarria. Burua hotz izaten saiatu naiz, nolabait kontrolatzen eta Aitorren sakea erantzuten, baina gora joan zait. Penarekin, baina... “ azaldu zuen, aldageletan, Ezkurdiak.
Bizirik
Nahiz eta bigarren partida galdu, Ezkurdiak oraindik Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietarako sailkatzeko aukerak ditu, orain arte bildu duen tantoaverage-ari esker. Horretarako, azaroaren 1ean Muruaren kontra Lizarran duen partida irabazi beharko luke, eta urriaren 31n, Bilbon, Peio Etxeberriak Elordi mendean hartuko beharko luke.