Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiak erabaki dira eta bertan ez da Joseba Ezkurdia egongo. Aurrelari arbizuarrak finalerdian egotea eskura izan zuen, Peio Etxeberriak Elordiri 11-22 irabazi eta gero. Horrela, azaroaren 1ean Muruaren kontrako partidan hiru tantoren aldearekin irabaziz gero, finalerdietan legoke Ezkurdia. Baina 20-22 erori zenez, Murua izan zen finalerdietan aurrera egin zuena.
Nahia eta lehen tantoa sakez lortu, Joseba Ezkurdiak gaizki hasi zuen Muruaren kontrako norgehiagoka, Arrasatearra 1-4 jarri zitzaiolako aurretik, baina defentsa bikaina eginez arbizuarrak partidari buelta eman eta 6-4 irauli zuen markagailua. Ezkurdia Muruaren ezkerra bilatzen hasi zen eta erasoan segitu zuen, baina Muruak ongi eutsi zuen eta 6-7 jarri zen aurretik. Bi pilotariak gurutzatuta buelta jokatu behar izan zuten, tanto benetan gogorra, 28 pilotakada izan zuena eta Ezkurdiaren berdinketa ekarri zuena (7-7). Partida gogortu zen, eta markagailuan alternantzia egon zen: Murua aurretik jarri zen (7-9), gero Ezkurdiak 11-9 eta 14-13 agindu zuen, segidan 14-16 aurreratu zen Murua, eta 17-16, azken aldiz abantaila lortu zuen Ezkurdiak. Azken tantoak gerturatu ahala, urduritasuna zen nagusi, Ezkurdiak 3 tantoko aldea behar zuelako finalerdirako sailkatzeko eta presioa gehiago sumatu zuen Ezkurdiak Muruak baino. Muruak 20 tanto egitearekin nahikoa zuen finalerdietan egoteko, eta sakez lortu zuen balentria, 17-20, pozez ospatu zuena. Azkenean, 20-22 galduta, kaiolari agur esan zion Ezkurdiak
Partida bukaeran triste zegoen arbizuarra. Tantoak bukatzerakoan presaka antzera aritu zela, lanak azkarregi bukatu nahian, eta nahiko modu autokritikoan hitz egin zuen, txapelketan sentsazio onak izan zituela baina ez zuelako haiek ongi aprobetxatzen jakin.
Finalerdiak
Ezkurdia triste zegoen bitartean pozarren zegoen Murua. Lau eta Erdira Dario Gomez ordezkatzeko sartu zen, eta inork gutxik espero zuena lortu du: final zortzirenetan Senar kanporatu eta final laurdenetako ligaxkan Elordi eta Ezkurdia mendean hartu.
Finalerdietan, Altuna III.ak Peio Etxeberria izango du aurkari azaroaren 7an Donostiako Atano III.ean. Beste finalerdia Zabalak eta Muruak jokatuko dute azaroaren 8an, Ogetan.