Uholdeak eragozteko ibaiari tokia bueltatuko zaio

Guaixe 2008ko maiatzaren 27a

Hori eragozteko Arruazuko Udalak duela 30 bat urte ubelde ertzean jaso ziren lur pilaketak kendu nahi ditu. Aldi berean, ubelde ondoan dauden soroei malda pixka bat eman nahi diete. Azken neurri horrekin, ubeldeak gainezka egin ondoren ura soroetan denbora luzez gelditzea eragotzi nahi dute, "urari bidea eman ateratzeko" esan digu Jesus Mari Ganboa alkateak. Aipatu neurri horiekin "urari abiadura kendu, ubeldeari bere espazioa eman nahi diogu horrela herriari arriskua kentzeko". Alkateak esan digunez, duela hamarkada batzuk egindako lanak ubeldea "kanal bat bezala" utzi zuten. Aurten eginen dituen moduko lanak ubeldearen beste zati batean aurretik ere eginak ditu Arruazuko Udalak eta emaitzak "onak" izan dira. Udan herritik Uharteko zubira bitarteko tartea eginen dute, 800 bat metro. Lanek 165.000 euro inguruko aurrekontua dute. Egitasmoa udalaren bizkar doa, eta lanak Nafarroako Gobernuak ordainduko ditu. Dirutza hori da Arruazuko Udalaren aurtengo aurrekontuko diru-sailik handiena. Guztira 272.208 euro kudeatuko ditu Arruazuko Udalak aurten. Beste diru sail bat hirigintza plan berria egitera bideratuko da, 30.000 euro zehazki. EskaeraArruazuko Udalak aste honetan Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan hainbat azpiegitura konpontzeko diru laguntza eskatu du. Eskaera onartua izanen balitz eta udalak diru laguntza jasoko balu Arruazutik Arnaz aldera doan Onako bidea konponduko litzateke. Horrekin batera, Aralarren dagoen borda bat konponduko litzateke. Haren ondoan aziendak edateko baltsa bat eginen litzateke (iaz beheko basoan egin zen). Azkenik, Arruazuko Udalaren nahia da Aralarko santutegirako bidean dauden 2 aska berreskuratzea.