Federico Bergera Navarro, Arruazuko musikagilea

Guaixe 2008ko uztailaren 18a

1921ean, 12 urterekin, Altsasuko kaputxinoen seminarioan sartu zen. Han giza zientziak egin zituen, baita lehen musika ikasketak. 1926ko agorrilaren 14an, 18 urterekin, Zangozan kaputxinoen ordenan sartu zen eta orduan hartu zuen Angel de Arruazu edo Agatangel izena. Profesio sinplea 1927ko agorrilaren 15ean egin zuen Zangozan ere. Profesio nagusia 1930eko azaroaren 9an egin zuen, Lizarran. 1927 eta 1929. urteak bitartean Hondarribian filosofia ikasketak egin zituen. Hurrengo bi urteetan Lizarran filosofiako 3. ikasturtea eta teologiako lehena egin zuen. Teologia ikasketak Iruñean osatu zituen 1931.etik 1934.era. .Txile1934ko martxoaren 31n apaiztu zen, eta urte horretako azaroaren 3an misioetarako izendatu zuten. Txilera destinatu zuten. Han 1967. urtera arte bizi izan zen. 1935 eta 1947. urteak bitartean Paineko apaiztegi kaputxinoko irakasle izan zen. Apaiztegian abesbatza sortu zuen. Santiagon eta beste hirietan emandako kontzertuekin itzala lortu zuen koral hark. Kantatzen zituzten abestietako asko berak harmonizatutako txiletar eta euskal melodiak ziren. Apaiztegiaz gain, astebururo inguruko kapiletan meza ematen zuen. Paineko parrokiako lagunkide edo koadjutorea ere bazen. 1948tik aurrera Santiagon, Viña del Marren, Constitucionen eta Painen egon zen. Egon zen toki guztietan apaiz lanak musikarekin uztartu zituen, organo jotzailea baitzen. Hala, hainbat abesbatza sortu eta zuzendu zituen. Horretaz gain, hainbat lan konposatu zituen. Gehienak zuzentzen zituen erlijio abesbatzei zuzendutako lanak ziren.  Txiletik Zaragozara joan zen, eta han bizi izan zen 1973ko maiatzaren 27an hil zen arte. Zaragozan San Antonio Santutegiko organo-jotzailea izan zen, baita kolegioko musika zuzendaria eta parrokia-abesbatzarena ere. MusikaConstituciongo Excelsior abesbatzaren zuzendari gisa Amerikako Abesbatzen Lehen Festibalean eta Txileko Abesbatzen 3. Jaialdian "arrakasta handiz" parte hartu zuen. Konposatutako lanen artean bi meza daude: Misa de gloria (organo eta ahotsetarako)  eta Misa de requiem. 3 antifona ere konposatu zituen: A María, Reina magnífica eta Virgen Bella; 6 himno: De Cristo Rey, Exultate iusti, Himnos de victoria, Himno Oficial del Congreso Arquidiocesano de los Sagrados Corazones de Jesús y María, Himno del Colegio eta Jubilosos cantemos. 44 kantu profano txiletar eta euskaldunak ere konposatu zituen. 4 ahotsetarako 21 gabon-kanta sortu zituen eta piano eta ahotserako 3 pieza: Canción de primavera, La canción del huerfanito eta Mi dulce hogar.MusikasteAurten maiatzaren 10etik 17ra izan da Musikaste, Errenteriako musika astea. Musikaste euskal musikagileen lanak zabaltzeko antolatzen da. Aurtengo egitarauan Sakanak presentzia izan du. Alde batetik, Etxarri Aranazko Abesbatzak koruen egunean parte hartu zuelako (apirilaren 16an). Bestetik, hautatutako musikagileen artean Angel de Arruazu zegoelako, bere jaiotzaren lehen mendeurrena betetzen baita aurten.