Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"70eko hamarkada inguruan Arruazun bazen ostatua, baina batzuetan itxita egoten zen. Jendeak egoteko edo zerbait egiteko toki bat behar zuen eta behar horretatik sortu zen elkartea. Garai hartan sortutako elkarteen modura kultur, kirol eta, batez ere, gastronomia aldetik aurrera egiteko asmoz sortu zen Arruazun elkartea". Hala azaldu du bere presidente Patxi Satrustegik Beleixe Irratian. Hasiera batean kultur aldetik ezkilen errepika txapelketak eta antolatu ziren. Baina azken 10-15 urteetan funtzionamendu horrek behera egin duela azaldu du Patxik. Beleixe Irratiko esatariak zergatiez galdetuta azaldu du "ostatuak oso ongi funtzionatzen" duela, "leku atsegina" dela eta "jendeak errazera" jotzen duela. Gehitu duenez, horrek, "zentzu onean hartuta, dinamika kentzen dio elkarteari. Herri handi batean ez litzateke nabarituko baina txiki batean bai". PremiaEgoitza bera ere zahartu egin zen eta ez zegoen baldintzarik onenean, "eta jendeari joatea kosta egiten zitzaion". Badira bospasei urte teilatua berritu zutela baina berotasun faltagatik ohartu dira ez zela nahikoa teiladura berritzearekin. Egoitza berritu beharra zegoela pixkanaka zabaltzen joan den ideia da eta azkenean elkarteko zuzendaritzak gaiari heldu eta aurrekontuak eskatu zituen. Eraikinaren barrualde guztia ia berria egiteko egitasmoak 70.000 euroko aurrekontua ordaintzea eskatzen zien elkartekideei, "eta hori sukaldean oinarrizkoena jarrita eta etorkizunean osatzeko asmoarekin". Bazkideek gaia aztertu eta ahal zen guztia auzolanean aurreratzea erabaki zuten. Aurrekontua merketzearekin batera, sukalde osatuagoa lortuko dute. Kanpoan bizi diren eta elkartea gutxi erabiltzen zuten 15 bat bazkidek baja ematea erabaki zuten. Festak bukatu eta gero hasi zituzten auzolanak. Elkarteko 60 kideetatik 30 bat ari dira larunbatero edo tarteren bat dutenean lan egiten. Udala ere elkartearen ingurua txukuntzen ari da. Heldu den urteko festetarako atzeko aldeko belardian erretegia ere izanen omen da. Elkartea eta ingurua, beraz, txukun geldituko dira. Patxik Beleixe Irratian esan duenez, "obra bezain garrantzitsua izanen da funtzionamendu egokia izatea".