Iosu Bergera-Gorka Diario Vasco Torneoko promesen txapeldun

Guaixe 2008ko abenduaren 29a

Diario Vasco Torneoa afizionatuetan dagoen torneorik inportanteenetakoa dela agerian geratu zen Gabon bezperan, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan 900 zale baino gehiago bildu baitziren, sekulako giroan, aipatu torneoko promesen eta seniorren finalez gozatzeko prest. Gainera, ETB 1ek Gabon egunean aipatu partidak eskaini zituen. Promesen mailan ordezkari sakandarra genuen: Arruazuko Josu Bergera atzelaria. Arruazuarrak orain arteko pilota ibilbide gehiena Arbizuko Aldabide taldean egin du, baina aurten Irurtzun taldean ari da. Diario Vasco Torneoan primerako bikotea izan zuen: Errioxako Ezkaraiko Gorka aurrelari abila. Arerioak, ere, bikainak: Elezkano eta Arzelus. Eskuko arazoakPartida nahasia eta emozioz betetakoa izan zen. Gorka eta Bergerak hasiera ona eman zioten norgehiagokari, 0-9 erraz aurreratu baitziren hasieran, eta gero 5-15. "Gu ongi hasi ginen, eta beraiek gaizki; baina partidan sartu zirenean berdintzea lortu zuten" azaldu digu Bergerak. Eta horrela izan zen. Gorka primeran moldatu zen aurreko koadroetan, eta partidako onena izan zen, kalitate handia erakutsiz. Hasieran ez zitzaion batere kosta izan tantoak pilatzea. Baina Arzelus atzelaria partidan sartu zenean gauzak aldatu ziren, kantxaz jabetu baitzen. Gainera, Josu Bergerak eskuin eskuan arazoak ditu, eta atzeko koadroetan Arzelus gailendu zitzaion. "Eskuin eskuko hatz batean zirkulazio falta daukat. Aspeko Jose Mari Urrutia medikuarekin nabil tratamenduetan, baina egia esan finalean nahiko justu ibili nintzen" dio Arruazukoak. Bergeraren egoeraz jabetuta, Elezkanok eta Arzelusek Arruazuko atzelariarengana bideratu zuten jokoa. Horrela, hamaseina berdindu zuten eta 20-19 aurreratzera ere lortu zuten, baina Gorkak lan handia egin zuen Bergera laguntzen eta Bergera berak ere ahal zuen moduan erantzun zien erasoei, 21era berdinduz. Beraz, finala azken tantoan zegoen jokoan, eta guztiz erabakita geratu zen Arzelusek 9. koadrotik bidalitako pilotakada gora joan zenean. Horrela, Gorkak eta Bergerak lortu zuten garaipena, pozez ospatu zutena. Bestalde, Diario Vascoko senior mailako finalean Urrutikoetxea eta Uzkuduni 17-22 irabazi zieten Yoldik eta Ceciliok. PozikIosu Bergerak poz handia dauka Diario Vasco Torneoko promesen finala irabazi izanagatik. "Egia esan zorte handia izan nuen Gorkarekin jarri zidatelako, aurrelari handia baita" dio arruazuarrak. Diario Vasco Torneoko arduradunek hautatzen dituzte zein pilotari ariko diren eta eurek osatzen dituzte bikoteak. Diario Vascoko finala irabazi baina berriki Nafarroako txapelketan galdu egin zuen Bergerak, baina Arruazuko atzelaria oso konformista da, eta ongi hartzen ditu emaitzak. Momentuz duen arerio latzena eskuin eskuko mina da. Urrutia medikuak jarritako tratamenduekin udaberrira arte jarraituko du, eta arazoa konpontzen ez bada akaso ebakuntza-gelatik pasa beharko da. "Dudan arazoa oso ohikoa da pilotarien artean. Berriki Begino operatu dute gaitz berberetik" azaldu du Josuk. Diario Vasco torneo prestigiotsua irabazteak profesionala izateko ateak zabalduko ote dizkion galdetuta, Iosu Bergerak ez dio horri aparteko garrantzirik ematen, mutil umila baita. "Ez dut gauza horietan pentsatzen. 18 urte dauzkat eta pilotan aritzen naiz afizioa dudalako eta gustura ibiltzen naizelako. Profesionala izatea lortzeak ez dit aparteko buruko minik ematen, oso zaila baita eta soilik oso onak direnak heltzen baitira" nabarmentzen du. Hurrengo asmoez galdetuta, argi erantzuten du: Elgoibarko binakako txapelketan eta Euskal Herriko binakako txapelketan ariko da, baina oraindik ez daki nortzuk izango dituen bidelagun. Ea eskuek laguntzen dioten.