Garbitokiak badu txapela

Guaixe 2009ko apirilaren 22a

Berriki despeditu dituzte garbitokiari teiladura jartzeko lanak. Horrekin batera, inor garbitokira ez erortzeko hura inguratzen duen hesia ere jarri da, arriskua kentzeko. Garbitokia guztiz berreskuratzeko Arruazuko Udalaren asmoa da etorkizunean garbitokiaren beheko aldea lehen zegoen moduan egokitzea, garai batean zuen itxura bueltatzeko. Hau da, beharrezko harlosak jarriko dira. Horrekin batera bospasei pertsona garbitzen egoteko moduko latsarriak jartzea bizpahiru metroko luzeran eta ura biltzeko metro inguruko sakonera. Azken lan horiek garbitokia berreskuratzeko iaz hasitako egitasmoaren despedida izanen dira. Arruazuko garbitokia aspaldi erori egin zen eta gerora hondakindegi gisa erabilia izan zen. Arruazuko Udalak hura berreskuratzeari ekin zion eta, iaz, Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren Iturraskarri egitasmoaren bidez garbitokian hainbat konponketa egin ziren eta ingurua txukundu zen.