Kale nagusiko lanak aurreratu nahi ditu udalak

Guaixe 2010eko martxoaren 15a

Nafarroako Gobernuak lau urteko azpiegitura planaren barruan sartu zituen Arruazuko zeharbidearen urbanizazioa. Lanak 2012an egitea aurreikusi du gobernuak, baina Arruazuko Udalak lanak aurten edo heldu den urtean egitea nahiko luke. Arruazuko Udala Herri Lan eta Toki Administrazio Departamentuekin hitz egiten ari da lanak aurreratu ahal izateko. Garai batean errepidea Arruazu erditik pasatzen zen eta, horregatik, zorua berritzearen kostua gobernuak osotasunean ordainduko luke. Sareak berritzea eta gaintzeko lanetarako Arruazuko Udalak %70eko diru-laguntza jasoko luke. Zeharbideko lanak egiterakoan Arruazuko Udalaren asmoa da etxeetako paretetatik doazen argiteria kableak lurperatzea. Nafarroako Gobernuak iaz emandako erabilera libreko diruarekin plazaren hegoaldeko zatian hodiak sartu zituzten ilbeltzean eta orain kableak han sartuko dituzte. AurrekontuaGobernuarekin dituen elkarrizketen emaitza jakin bitartean, lan horietarako diru-sailik ez du aurreikusi udalak. Arruazuko aurtengo aurrekontua 137.509,05 eurokoa da. Udalaren asmoa da Iturgain elkartearen ondoan, hegoaldean dagoen belardian, aisialdirako gune bat egitea. Erretegia, mahaiak eta halakoak jartzea. Epeka eginen da lan hori eta aurten, horretarako, estatuko funtsetik jasotako 11.243     euroak bideratuko ditu. Diru-laguntza jasoz gero udalak borda bat eta aska batzuk berritu nahi lituzke.