Gaur goizaldean Espainiako Polizia Nazionalak Askapena erakundearekin lotura dutelakoan zazpi pertsona atxilotu ditu. Berri agentziek zabaldu dutenez, zazpiei "erakunde armadako kide izatearen" delitua leporatzen diete. Iturri horien arabera, "ETAren nazioarteko frontea" osatuko lukete. Agentzien arabera, "Askapena Europa, Ertamerika eta Hego Amerikako hainbat herrialdeetan aritzen zen ETAren kausaren aldeko laguntzak biltzen, antzeko erakundeekin harremanak estutzen eta ihes egindako terroristen bozgoragailu bihurtuz. Euskal gatazkaren berri atzerrian zabaltzeko helburua zuten". Espainiako Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak agindu du operazioa, Garzon epailea ordezkatu duenak. Antza, asteartean egindako sarekada duela bi urte zabaldutako auto batean oinarritu da. Guaixek jakin ahal izan duenez Ganboak aspaldi utzia zuen Askapena.AtxiloketaEspainiako Polizia Nazionaleko ezkutuko lau auto eta bi furgoneta goizaldeko ordu bietan iritsi dira Arruazuko plazara. Aritzen portaleko txirrin guztiak jo ondoren haren etxera igo dira. Etxe barruan bi orduz egon dira poliziak. Ganboa preso eramatearekin batera, ordenagailu bat ere eraman dute. Ganboa etxetik autora zeramatenean kalean bildutako 10 bat senidek animo oihuak egin dituzte. Une horretan poliziak kargatu egin du, batzuei bultzadak emanez eta besteak lurrera botaz eta han borrekin kolpatuz. Buruan eta beste gorputz ataletan jaso dituzte kolpeak senideek. Beste sei atxiloketetan ez da poliziaren indarkeriarik izan. UdalaArruazuko Udala gaur arratsaldean bilduko da atxiloketa aztertzeko. ErreakzioakAskapenak atxiloketak "irmoki" salatu ditu. Erakunde internazionalistak nabarmendu du operazioak "herrien arteko elkartasuna kriminalizatzeko erasoa" dela. Atxilotutakoei eta haien senideei elkartasuna adierazi die Askapenak. Horrekin batera, Askapenak adierazi du sarekada "Euskal Herriak egun bizi duen prozesu honen aurkako beste eraso bat baino ez da". Espainiari errepresioa besterik ez ezagutzea leporatu dio. Aldi berean, Askapenak azpimarratu du "Euskal Herrian konponbide demokratiko bat lortzeko areagotu den nazioarteko eragileen inplikazioa eta elkartasuna arazo bilakatu zaie eta eten egin nahi dute".Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) atxiloketen inkomunikazio aldia salatu du, torturarako aukera izan daitekeelako. Horrekin batera, AAMk nabarmendu duenez atxilotuak "aski ezagunak dira, beraiek egindako lana erabat gardena eta publikoa izan da azken urteotan". Espainiako Gobernuak euskal errealitatearen berri atzerrian ematea ez duela gogoko eta horren kontra jo duela ere nabarmendu du AAMk. Azkenik, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Askapena1987an sortu zen euskal erakunde internazionalista da Askapena. Erakundeak "Euskal Herria bere askapen borrokan ari den herri bezala ulertzen du, askapen soziala eta nazionala. Zentzu horretan gure herrian sozialismoa eta independentziaren aldeko askapen borrokarekin bat egiten du".Askapenak hiru lan esparru ditu. Batetik, Euskal Herrian beste herrientzako elkartasuna piztea. Bestetik, munduko beste herrietan Euskal Herriaren askapen borrokarekiko elkartasuna piztea eta, azkenik, globalizazioaren Aurkako Mugimenduan parte hartzea. Beste herriekiko elkartasun brigadak antolatzen ditu Askapenak. Udan atzerrian egon ziren brigadistak larunbatean Altsasun bildu ziren haien esperientzien berri emateko.