Atxilotuen askatasuna eskatu dute

Guaixe 2010eko irailaren 29a

Atzokoan 130 bat pertsonek kontzentrazioa egin zuten Arruazuko plazan. Askapenaren kontrako sarekadan atxilotutako zazpi pertsonen askatasuna aldarrikatu zuten. Kontzentrazioak atxilotuen inkomunikazio aldiak irauten duen bitartean segituko dute. Altsasun ere protesta egiteko kontzentrazioa deitu du Askapenak, bihar izanen da, 20:30ean. Atxilotuak Madrilen daude, inkomunikatuta, poliziaren esku. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez, Ruz epaileak erabaki du atxiloketa irauten duen bitartean neurri hauek onartu ditu: atxilotuek aldiro konfiantzazko medikuarekin egoteko aukera izatea; senideak atxilotuak non eta nola dauden jakitea eta atxiloaldia bideoz grabatzea. AAMk azaldu du halako neurriak hartu direnean ere tortura salaketak egon direla, edo abokatuek ez dutela lortu halako bideo bat ikustea ere. AAMk nabarmendu du "inkomunikazioarekin amaitzea eta atxilotuak berehala epailearen aurrera eramatea direla torturaren amaitzea ekarriko duten neurri bakarrak".ZergatiaEspainiako Barne Ministerioak zabaldu duenez, atxilotutakoak "Askapenako arduradun nagusiak dira, ETAren nazioarteko adarra". Ministerioaren arabera "ETAk Askapena erabiltzen zuen bere propaganda zabaldu eta nazioarteko beste erakundeekin harremanak izateko". Ministerioak zabaldu duenez operazioa 2008an hasitako ikerketa baten ondorioa da. Ministerioak zabaldu duenez legez kanpo utzitako Xakiren ordez ariko litzateke Askapena.