XX. mendeko Arruazu gogoan

Guaixe 2011ko ekainaren 17a

Ahozko ondarearen bilketa aurkeztuko duBadira urte batzuk XX. mendea agurtu genuela. Berandu izan baino lehen, Sakanako udalak historiara pasatu den mendeko testigantza biziak biltzen ari dira. Horien artean dago Arruazuko Udala. Bihar aurkeztu dute bilketa lanaren emaitza. Labrit multimedia erakundea arduratu da Arruazuko testigantzen bilketa lanez. Zazpi herritar elkarrizketatu dituzte: Martin Garziandia Ganboa, Camino Ganboa Alberro, Miguel Ganboa Alberro, Jose Luis Huarte Gerezta, Karmentxu Satrustegi Zubeldia, Luis Satrustegi Zubeldia eta Maria Joaquina Ganboa Ganboa. Udazkenean amaitu zen bilketa lana. Ondoren, azterketa eta edizio prozesua etorri dira. Orain, emaitzak ikusteko ordua iritsi da.    Aurkezpen ekitaldian elkarrizketatuen pasarte bana ikusi ahal izanen da. Ondoren, udalak auzatea emanen du. Ondare ez-materiala gordetaArruazuko Udalak disko gogor batean gordeko ditu elkarrizketak eta elkarrizketa bakoitzaren azterketa. Elkarrizketatuek ere disko bana jasoko dute. Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere diskoaren kopia bat jasoko du, Nafarroako gainerako herrietako XX. mendeko testigantzekin batera gordetzeko. Dagoeneko Sakanako ahozko ondare zabala dute NUPen, Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboan. Bilketa lana amaituta eta aurkeztuta dute Lakuntzan eta Bakaikun. Azken horretan ondarea zabaltzeko DVDa ere egin zuten. Bildutako testigantzak aurkezteko zain daude Ziordian, Olatzagutian eta Urdiainen. Etxarri Aranatzen, berriz, berriki hasi dira elkarrizketak egiten. Irurtzunen aurki hasiko dira. Arbizun Ahotsak egitasmoa arduratu zen ahozko ondarea biltzeaz. Bestalde, Labrit Multimediak Sakanako euskalkietan oinarritutako beste 11 elkarrizketa eginen ditu, Euskarabideak eskatuta. XX. mendeko testigantzakNafarroako Ondare ez-materialaren Artxiboa ondare hori bildu eta hurrengo belaunaldiei eskaintzeko helburuarekin sortu zen. Belaunaldi aldaketarekin batera kultur aldaketa gertatu da; ahozko transmisioa oinarri zuen gizartea, gaur ikus-entzunezko jendartea da. Ahozko ondare hori galduko ez bada, beharrezkoa da kultura tradizionalaren azken aztarnak biltzea. Helburu horrekin elkarrizketatzen da herrietako adineko jendea, XX. mendeko lekukoak.