Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Auzolana egin ondoren, San Pedro ermitan hasi zuten arbazuarrek San Pedro festak. Aurtengo ospakizunen egitarauko berrikuntza ETB 2ko El conquistador saioaren moldaketa arbazuarra izan da. Adin guztietako arbazuarrak bi taldetan banatuta larunbat arratsaldean primerako giroa izan zen Arruazun. Bi taldeetan banatu ziren arbazuarrak. Gorriak eta urdinak. Lehen proban, talde bakoitzak ubeldean ibilaldi bat egin behar izan zuten. Ondoren, ubelde bazterreko malkarra igo eta puntan zegoen banderatxoa jaso behar zuten. Ondoren, taldekideek ubeldea batetik bestera pasa behar zuten, soka batetik zintzilik. Azken proban bi taldeek ubeldean zeinek zopa gehien egin neurtu ziren. Hau da, harriak uretara bota eta ur gainean ahalik eta bote gehien ematean zetzan proba. Lan guztiak despedituta talde urdina izan zen txapelduna. Baina txapeldunetan txapeldunenak, benetako konkistatzaileak aukeratu behar ziren eta horretarako azken proba bat egin zen: zaku lasterketa. Helduen mailan konkistatzailea Aitor Campion izan zen. Gazteetan Oihan eta Julen Soto eta nesketan Alaitz Gil. Talde urdinak afaria irabazi zuen. Gorriek ordaindu eta zerbitzatu behar izan zuten afaria, Aritz Ganboak prestatutako zikiro ederra.