Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arruazuko Udala garagarrilaren 20an hasi zen Uztokiko borda berritzen. Dagoeneko paretak jaso dira. Zura prestatzea falta da, hau da, teiladura guztia. Hura jarri eta borda erabilgarri izanen da hilaren akabera aurretik. Jesus Mari Ganboa zinegotziak esan digunez, garai batean Uztokin aziendarako bi borda handi zeuden eta beste txiki bat artzainendako. Aspaldi eroriak zeuden. Udalak bordetako bat berreskuratzea erabaki zuen. "Arruazuko portu ondoan dago Uztokiko borda. Pasabidea da, GR-20an, Arruazutik Aralarko santutegira daraman bidea da. Mendizale asko pasatzen da eta haiendako aterpe moduan utziko dugu". Ganboan azaldu digunez, bordaren paretak aurreko borden harriez estalita egonen dira. Lehengo ate handiaren ordez metro eta erdi zabal duen ate bat eta bi leiho ireki dituzte. Barruan hutsik egonen da. Ganboak esan digunez lanek 47.000 euroko aurrekontua dute. Arruazuko Udalak Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren diru-laguntza jaso du.