Askapenaren kontrako auziarekin aurrera jarraitzea erabaki du Pablo Ruz, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Iazko irailaren 28an egindako sarekadan zazpi atxilotuetatik bost pertsona auzipetu ditu. Haien tartean dago Aritz Ganboa De Migel arbazuarra. Ganboak iaz ia hiru hilabete espetxean eman zituen eta 60.000 euroko bermea ordaindu ondoren atera zen Navalcarnerotik.Epailearen iritziz Askapena "ETAren agindupeko egituran" dago. Erakunde internazionalistaren egitekoa epailearen iritziz, ETArendako "kanpoko babesa" lortzea zen. Epaileak auzipetuei Europako herrietan "elkartasun batzordeak" sortzea, Europako eta Munduko Gizarte Foroan parte hartzea eta brigadak antolatzea egozten die.