Mugitu!-k neurrigabekotzat jo ditu tartalariendako eskatutako zigorrak

Guaixe 2012ko otsailaren 23a

Iaz Yolanda Barcina Angulori tarta bota zioten Mugitu! desobedientzia mugimenduko hiru kideen kontrako auzi-bidea aurrera doa. Horien artean dago Gorka Ovejero Ganboa arbazuarra, fiskaltzaren 9 urte arteko espetxe zigorrari aurre egin beharko diona. Hiruren defentsak zigor eskariak "hiperboliko eta neurrigabetzat" jo zituen eta helegitea aurkeztu zuen, falta bategatik epaituak izan zitezen eta ez agintearen aurkako delituagatik, "kontuan izanik proportzionaltasun printzipioa eta gertaera bera". Abokatuaren eskaerak atzera bota zituen Pedraz epaileak. Arruazuko Udalari galdetu dio ea Ovejero Okzitaniako Tolosako ekitaldira udal ordezkari gisa joan ote zen. Horrek zigor eskaera 4tik 9 urtera igotzen baitu. Pedraz epaileak auzi-biderako prozedura laburtua erabiltzea onartu zuen. Baina 9 urte baino gehiagoko eskaera egin denez, ezinezkoa da hori eta auziak tramite arrunta izanen da. "Berme gehiago izanen dugu horrela. Gorenera jotzeko aukera izanen dugu" esan du Beleixe Irratian (FM 107,3an) Julio Villanuevak, Mugitu!ko kideak. Bestalde, Frantziako poliziari tarten kutxetatik hatz- eta DNA-marken berri emateko eskatu zuen epaileak. Mugitu!k salatu du Frantzian bi okzitaniarren kontra zabaldutako prozesuan opakotasuna dela nagusi. Mugimenduko kideen iritziz bi estatuak elkarlanean ari dira. KritikaMugitu!-tik prozesu guztia "zentzugabea" dela salatu dute. "Inguruko herrialdeetan apenas ondorio legalik ez duen ekintza zuzen ez bortitzaren jazarpen penala egiten ari da". Epaitegiari "errepresio politikoa" egitea egotzi dio Mugitu!k Nafarroako Gobernuari "epai eredugarria eta mendekatia" lortu nahi izatea leporatu dio. Bitartean, gaur goizean Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 1. epaitegian, Santiago Pedraz epailearen aurrean deklaratu du auzian inputatu duten laugarren pertsona. Mugimendutik elkartasunerako deia egin dute eta desobedientzia AHTren kontrako borroka bide egokitzat jo dute. ItalianEuskal Herriarekiko elkartasun astea antolatu dute Askapenak eta Euskal Herriaren lagunak batzordeek munduan barna 33 herrialdeetan. Euskal Herrian AHTren kontra dagoen mugimenduaren eta borrokaren berri emateko Italiara joan zen asteburuan Gorka Ovejero Ganboa. Milan, Florencia eta Brescciako zentro sozial banatan hitzaldiak eman zituen arbazuarrak. Horretaz gain, Italiako Susa ibarrean AHTren kontra egiten ari diren borrokaren aldeko manifestazio batean parte hartu zuen. Arbazuarrak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, egonaldiak esperientziak trukatzeko balio izan du.