Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lau urteko tokiko inbertsioen planean jasoa dago eta Arruazuko Udalak gobernuak berak emandako diru-laguntza gal lezakeNafarroako Gobernuaren finantza krisia Arruazuko zeharbidearen berritze lanei zuzenean eragin die. Garai batean herri erditik pasatzen zen errepidea zenez, hura txukun utzi eta udalaren esku gelditzeko lanak bi departamenturen esku daude: Herri Lanena eta Toki Administrazioarena. Aurrenak dagoeneko Arruazurako diru-saila prest du. Bigarrenak ez. Arruazuko alkate Pello Betelu Ganboak azaldu digunez, "gobernutik azaldu digute 10 lan dituztela egiteko eta horien artean gurea dagoela. Lanak egiteko hitzarmena sinatuta dugu gobernuarekin, iaz egitekoa zen, baina dirurik ez zegoelako atzeratu zuten". Betelu kezkatuta dago, dagoeneko ia 2 urteko luzapena dutelako, "hurrengo tokiko inbertsioen plan berriaren aurretik ez badugu egiten diru-laguntza galduko dugu". Horregatik, aurtengo Arruazuko Udaleko aurrekontua iazkoaren parekoa izan da. 181.000 euro, hain zuzen, eta hor zeharbidea berritzeko inbertsioa aurreikusi du. Gainontzeko partidak berdin mantendu dira, "ez dago aparteko diru sarrerarik edo irteerarik".Bestalde, alkateak jakinarazi digu Uztokiko bordan egitekoak diren lanak heldu den urtean despedituko direla. Horretarako, diru-laguntza eskaera eginen du udalak. Orduan mendizaleen aterpe gisa erabiltzeko aukera izanen da.