Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Esperantza galtzen hasiak ginen!" Arruazuko alkate Pello Betelu Ganboaren hitzak dira. Zeharbidea berritzeko lanak aurten egin ez eta 2009-2012 aldirako Tokiko Inbertsio Planaren diru-laguntza galduko zuten beldur izan dira pasa den astera arte. Nafarroako Gobernuko ordezkariekin bildu ziren eta, azkenean, bai, aurten lanak egiteko Arruazuko Udalari hitzemandako diru-laguntza emanen ziotela jakinarazi zuten. 468.558 euroko aurrekontua estaltzeko 326.488 euro emanen ditu foru administrazioak eta gainontzeko 142.000 euroak udalak jarriko ditu. Arruazuko Udalak ostegunean eginen duen bilkuran lanen deialdiko pleguan zenbait aldaketa eginen ditu gobernutik hala eskatuta. Jendaurreko epea pasata Beteluk azaro aldean lanak hasita egon daitezkeela esan digu. Lanen pleguan jaso denez, gehienez ere 5 hilabetetan despeditu beharko dituzte lanak, baina lehenago egitea aurreikusten du alkateak. Hala ere, eguraldiak zerikusi zuzena izanen du lanen martxan. AtzerapenaArruazuko kale nagusitik, herri erditik, lehen errepidea pasatzen zen. Hura txukun utzi eta udalaren esku gelditzeko lanak bi departamenturen esku daude: Herri Lanena eta Toki Administrazioarena. Aurrenak bazuen Arruazurako diru-saila prest du. Bigarrenak ez, ordea, eta horrek luzatu du lanak eginen ziren jakitea edo ez. Izan ere, lanak pasa den urterako zeuden aurreikusita.