Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Barcinari tarta botatzea leporatuta 9 urteko espetxe zigorra eskatzen dute Gorka Ovejero GanboarendakoBihar, 17:00etan, Iruñeko Antoniuttitik manifestazioa: AHTa zentzugabekeria da, eta 60km askoz gehiago. Gelditu Orain!Abiadura Handiko Trenaren (AHT) "inposaketaren" kontra protesta gisa Mugitu! Mugimenduko (M!M) kideek Yolanda Barcina Angulo Nafarroako presidenteari tartak bota zizkioten 2011ko lastailaren 27an Okzitaniako Tolosan. Gertaera hargatik lau pertsona epaituko dituzte astelehenean Espainiako Auzitegi Nazionalean. Haien artean Gorka Ovejero Ganboa arbazuarra dago. Agintearen aurkako atentatuaren zuzeneko egile izatea egotzi dio fiskaltzak eta 5 urte eta 2.700 euroko isuna (edo 9 hilabete gehiago espetxean) eskatzen dizkio; Barcinaren akusazio partikularrak, berriz, Arruazuko zinegotzi karguaz baliatu zelakoan, 9 urte eta 5.400 urteko isuna (edo urte eta erdi gehiago kartzelan). Auzipetuek Auzitegi Gorenean helegiteak aurkeztuak dituzte. Okzitanian gertatu zenez, tartalariek Frantziako justiziak epaitu beharko lituzketela uste dute. Han falta delitua litzateke eta isun ekonomiko bat jasoko lukete. Baina helegiteak ebatzi aurretik epaituko dituzte. M!Mtik eskatutako zigorren larritasuna eta neurrigabetasuna salatu dituzte, "mendebaldeko inongo herritan parerik ez dutenak". Prozesua artxibatzea eta AHTko lanak berehala gelditzea eskatu dute. Bestalde, Mugituk deituta, astelehenean auzitegiaren San Fernando de Hanaresgo egoitzaren ondoan elkarretaratzea eginen da 9:15ean. 20:00etan, berriz, hitzordua Madrilgo puerta del Sol-en dago jarrita, kontzentrazioa eta tarta jaurtiketa egiteko.Gorka Ovejero GanboaMugitu! Mugimenduko kideaZertan da Nafarroan AHTren egoera?Lehendik guk salatzen genituen gabeziak eta proiektuaren zentzugabekeria, krisiak are gehiago nabarmendu ditu. Sustapen Ministerioak erabaki du Nafarroan Castejon eta Arrizabalaga artean 70 km-ko halako pista erraldoi bat egitea. Trenak gelditu egin beharko du azeleratzen hasten denerako. Eta beste tarteetan?Arrizabalagatik Iruñera eta Euskal Autonomia Erkidegorako (EAE) lotura eta Castejondik Zaragorarako lotura egiteko hirugarren erraila jarriko dute. Hau da, egungo trenbideari beste burdin ilara bat gehituko zaio, barruan, ezkerrean edo eskuinean. Europako trenen zabalerara egokitu ahal izateko da. Sakanan barna Nafarroa eta EAE lotu nahi dira. Zertan da?Gaur egun informazio ikerketa ere egin gabe dago. Krisia dela eta Gasteiz eta Bilboko obrak ez egitea erabaki dute. Trenbide zaharretatik sartuko dira. Horiekin batera, hirigintza "pelotazoak" aurreikusiak zeuden. Baina baztertu dituzte. Astigarragatik Hendaiara hirugarren erraila jarriko dute. Eta gauza bera Gasteiztik Burgosera. Zein da aldea baten eta bestearen artean?Hirugarren erraila jartzea km-ko duen kostua bi milioi eurokoa da. EAEko AHTko km bakoitzak 25 milioi euroko aurrekontua du. Bi beharrean 25 gastatzen ari dira hain lurralde txiki batean. Gelditu beharreko proiektutzat jotzen duzue. Bai. Ingurumen eta ekologia aldetik AHT astakeria da. Mugikortasuna ez du laguntzen. Azken urteetan ekonomian indar handia jarri dugu, krisiarekin lotu dugu: jendea etxerik gabe gelditzen ari delako, bankuak erreskatatzen ari direlako... Halako mega-proiektuekin segitzea zentzugabekeria da. KontzentrazioaAsteartean Euskal Herriko hainbat herritan mobilizazioak egin ziren tartalariei elkartasuna adierazi eta AHTko lanak geldi daitezen eskatzeko. Sakanan, Arruazun egin zen elkarretaratzea. 70 bat pertsona bildu ziren. Haien artean herriko hautetsiak zeuden, baita Bilduko alkate ugari ere. Pello Betelu Ganboa alkateak tartalariekiko elkartasuna adierazi zien udalaren izenean. Beteluk gogora ekarri zuen auzia Frantzian artxibatua zegoela eta tartalariendako zigor eskaerak salatu zituen. Joxi Bakaikoa Etxarriko alkateak egoera erraza ez den arren erantzuna ematen ohituta gaudela gaineratu zuen. ManifestazioaAHT Gelditu! plataformak deitu du manifestazioa. Nafarroan AHT-ren egitasmoa errefusatu eta gelditzeko eskatuko da. Aldi berean, AHT-ren eraikuntza dela eta protesta gisa Yolanda Barcinari tartak botatzeagatik astelehenean epaituko dituzten AHT-ren lau aurkarien kontra egindako erabat neurriz kanpoko kartzela zigor eskaerak salatuko dira, desobedientzia delitua ez dela nabarmenduz.Manifestazioaren deitzaileek azpiegitura horren kontra arrazoi ekonomiko (krisia, langabezia, murrizketak), ekologiko (ingurumen kalte galantak), politikoak (ez die jendartearen benetako premiei erantzuten eta ez da eztabaida sozial irekirik egin) eta sen onean oinarritutakoak (soilik 60 km-ko korridorea eta ingurumenari eragindako kalteen txostena iraungita) daudela adierazi dute, horregatik, AHT eskandalu itzela da". Horren harira, lanak gelditzea eskatuko da bihar. Gelditzeko eskaera epaitegianSustrai Erakuntza fundazioak jakinarazi duenez, Nafarroan hasiak dauden AHTko lanak kautelaz gelditzeko eskatu du Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusian. Lanek Ingurumen Inpaktu Adierazpena iraungita izan arren Nafarroako Gobernuak haiekin aurrera segitzen duelako eta heldu den urteko aurrekontuan diru saila aurreikusita dagoelako jo du fundazioak, atzera ere, epaitegira. Aurretik arrazoia eman dio epaitegiak. Aldi berean, sustapen kontseilari Luis Zarraluki Ortigosaren dimisioa ere eskatu du.