Maiatzaren 8an egindako bilkura berezian erabaki zuen Arruazuko Udalak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartzeko eta Mankomunitatearen Estatutuak onartzea. Arruazuren aurretik UEMAn Arbizu eta Etxarri Aranatz daude.
Udaletik azaldu digutenez, aurreko legegintzaldian harremanak izan ziren bi erakundeen artean baina Arruazuko Udalak ez sartzea erabaki zuen. Horretarako arrazoia ekonomikoa zela azaldu digu Gorka Ovejero Ganboa zinegotziak: “Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzurako udalak pagatzen duena baino kuota handiagoa eskatzen zuten. 3000 euro inguru eta guk ezin genuen ordaindu”.
Halako egoera bat baino gehiagorekin egin zuen topo UEMAk eta herri txikietarako ordaindu beharreko kopurua jaistea erabaki zuen. EAEn Jaurlaritzak ematen duen diru-laguntzaren modukorik Nafarroan ez dagoenez, UEMAk berak laguntza ematen dio udal txikiei, kuota 900 euro inguruan utziz.
UEMA, euskararendako arnas-guneak zabaltzen
Mankomunitatean kide izateko udalerriko biztanleriaren %70 edo gehiago euskalduna izan behar da. Sakanan bost udalerrik betetzen dute baldintza hori: Arruazu, Ergoiena, Arbizu, Etxarri eta Urdiain. UEMAren helburua da udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua euskaraz izan dadin bideak urratzea. Aldi berean, udalerri euskaldun guztiek bat eginik, euskara nagusi den lur-gunea osatu nahi du. Aurreko helburuei lotuta, udalerri euskaldunen garapen sozio-ekonomiko eta soziokulturala bultzatzea ere egitekoen artean du UEMAk.