Yolanda Barcina Angulori tartak botatzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionalak pasa den urteko azaroaren 13an emandako epaia berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Atzera bota du tartalariek aurkeztutako kasazio-helegitea. Goreneko epaileen arabera ez zen urratu tartalarien errugabetasun-presuntzioa zilegizko egozketa-froga zegoelako. Epaileek ere ez dute ontzat eman auzia Frantzian ikertu eta artxibatu izana. “Europar Batasuneko beste estatu batean prozedura zabalik zegoelako artxibatu zuten”. Tartak botatzea zigor penala beharrean zigor administratiboa zela pentsatzeagatik ez die salbuespenik onartu Gorenak. Aldi berean, ezarritako isunak eta Barcinaren akusazio partikularra ordaindu beharra ezarri die epaitegiak.
Joan den urtean epaia jakin ondoren Gorka Ovejero Ganboak Guaixe astekariari adierazi zion “pozik” hartu zuela espetxean sartu behar ez izatea. Baina Abiadura Handiko Treneko lanak bere horretan jarraitzen dutela eta haiek “benetako atentatua” direla adierazi zuen. Epaia baloratzerakoan esan zuen “argi utzi izan dute horrelakorik ez dutela onartuko eta, gu espetxea sartuko ez bagaituzte ere kartzela hor dagoela ohartarazi nahi izan dute”.