Javier Cinza xakelari onena Arruazun

Guaixe 2014ko abenduaren 15a

23 xakelarik hartu zuten parte Arruazun jokatutako Sakanako Xake Txapelketan. Cesar Razkin etxarriarra izan zen Sakanako onena

Bezperan Sakanako kirolari onenen sariak banatu ondoren, Arruazuko herriaren etxeak Sakanako Xake Txapelketa hartu zuen larunbatean. Sakanako txapelketa, aldi berean, 1.900 ELO puntutik beherako Nafarroako Txapelketa izan zen. Goizeko 9:30etarako bildu ziren txapelketan parte hartu zuten 23 xakelariak. Gehienak Iruñerrikoak ziren, soilik 4 sakandar lehiatu baitziren: Sebastian Insausti arbizuarra, Koldo Flores lixarrengoarra, Markel De Migel lakuntzarra eta Cesar Razkin etxarriarra.

Goizeko hamarretan hasi eta arratsaldeko 19:00etan despeditu zen txapelketa, eta tartean xakelariek tartea hartu zuten Arruazuko ostatuan bapo bazkaltzeko. 20 minutuko partidak jokatu ziren. Txapelduna Javier Cinza izan zen, eta 120 euro eta txapela jaso zituen opari. Bigarrena Maria Goñi izan zen (90 euro eta trofeoa), eta Javier Lasak osatu zuen podiuma (60 euro eta trofeoa). Sakandarren artean Cesar Razkin etxarriarra izan zen onena (30 euro), txapelketan 8.a sailkatu ondoren. Sebastian Insausti 11.a izan zen, Koldo Flores 13.a eta Markel De Migel 23.a. Bestalde, 16 urtez azpiko kategorian Ivan Iturralde izan zen onena (trofeoa), Josu Manterola bigarrena eta Martin Pascual hirugarrena.

Krisian
Txapelketa Mank-ek antolatu zuen, Sakanako Zaldi Beltza Xake taldearen laguntzarekin. Talde honetako Koldo Flores kideak adierazi zigunez, taldea ez dago bere onenetan eta Sakanan xakeak ez du momentu ona bizi. “Pentsa, Sakanako Xake Txapelketa, gurean antolatzen den bakarra, eta soilik 4 sakandar agertu gara. Sakanan xakea sustatzeko zehozer gehiago egin beharko du, bestela, gureak egin du” azaldu zigun.