Sakanako kirolari onenak oso kontentu bere izendapenarekin

Guaixe 2014ko abenduaren 15a

Guztiek saria "sorpresarekin baina oso pozik" hartu zutela nabarmendu zuten

Ostiralean Sakanako kirolari onenen sariak banatu ziren beteta zegoen Arruazuko ostatuan. Mank-eko kirol zerbitzuak antolatu zuen ekitaldia, Arruazuko eta Irurtzungo Udalen laguntzarekin. Ekitaldiarekin Kirol Asteburuari eman zitzaion hasiera, larunbateko Sakanako Xake Txapelketarekin eta igandeko Herri Kirol Jaialdiarekin osatu zena. Sari ematearen ondoren auzate animatua izan zen Arruazuko ostatuan.

Joanes eta Maialen
18 urtez azpiko mailan Etxarri Aranazko 17 urteko Joanes Bakaikoa pilotaria eta 15 urteko Maialen Aramendia txirrindulari iturmendiarra izan ziren sarituak. Joanes ezin izan zen ekitaldian egon, partida bat zuelako, eta bere senitarteko Nahia Satrustegi Bakaikoak jaso zuen saria. Hala ere, izendapena pozik hartu zuela nabarmendu zuten gertukoek. Maialen Aramendiak azaldu zuen izendapenarekin "oso pozik" zegoela. "Ez nuen espero. Aurten lortutakoarekin oso kontentu nago. Errepideetako probetan eta pistan ongi ibili naiz. Errepidean Nafarroako txapelduna izan naiz eta Espainiakoan brontzezkoa, eta pistan Espainiako kanpeonatoetan urrezko domina jaso nuen erlojupekoan. Talde berberean jarraituko dut, Gipuzkoako Caf Transport Engineering taldean, eta Espainiako txapelketan, Nafarroakoan, Euskadikoan eta Euskaldun Torneoan aritzeko asmoa dut" adierazi zuen.

Aritz eta Sara
18 eta 35 urte arteko mailan Etxarri Aranazko Aritz Munarriz mendi korrikalaria eta Arbizuko Sara Lizarraga borrokalaria izan ziren sarituak. Aritz Munarrizek ez zuen saria espero. "Sorpresa hartu nuen baina ilusio asko eman dit. Duela 4 urte hasi nintzen mendi lasterketan, Etxarriko mendira joan etorriko lasterketan. 3 urte daramatzat serioago eta aurten egindakoarekin kontentu nago. Ilusio berezia egin zidan Uharteko Km Bertikalean eta Etxarriko Mendira Joan Etorrian bosgarrena izatea" adierazi zuen. Sakanan mendi korrikalari asko daude. Sakana Bizirik taldea sortu dugu, 20-30 korrikalari gaude eta ilusio asko dugu" nabarmendu zuen.
Sara Lizarraga ere kontentu zegoen. "Sorpresarekin hartu dut saria, ez nuen espero. Borroka ez da ohiko kirola. Nire lehengusu Asier hasi zen. Egun batean bere entrenamendua ikustera joan nintzen eta entrenatzaileak esan zidan ea animatuko nintzen. Orduan hasi eta 7 urte daramatzat. Asierrek eta biok jarraitzen dugu, baina nire lehengusina Yasminak utzi zuen. Kirol honek asko engantxatzen du. Eunero entrenatzen dut, Iruñean. Aurten lan kontuengatik gutxiago entrenatu dut baina hurrengo denboraldian gehiago entrenatzea espero dut. Ni senior mailan aritzen naiz, 49-51 kiloko mailan, eta aurten Espainiako txapelketan brontzezko domina lortu nuen" adierazi zigun arbizuarrak kontentu.

Javi eta Mari Gwen
35 urte baino gehiagoko mailan Javi Moreno korrikalari altsasuarra eta Mari Gwen Davies korrikalari urdiaindarra izan ziren sarituak. Javi Morenok oso pozik zegoela nabarmendu zuen. "Ilusio handia eman dit; zure bailaran zure bizilagunek bozkatu duten sari bat jasotzeak poztasun handia ematen dizu. Eta asko eskertzen da. Egindako denboraldiarekin kontentu nago, polita izan da. Ez dut helburu finkorik jartzen. Karreraz karrera joaten naiz, kirola egitea gustuko dudalako, ez nago presionatuta eta horregatik gustura nabil. Barru-barrutik disfrutatzen dut" adierazi zigun.
Mary Gwen Daviesek ere oso pozik hartu zuen saria. "Ilusio handia eta sorpresa handia izan da. Duela 3 urte inguru hasi nintzen korrika. Hasieran nire kabuz, eta gero Emakumeen Atletismo Eskolan, Altsasun. Eskolara joatearekin asko hobetu dut eta taldean aritzea ere ederra da, taldetxo bat egin dugulako. Gustura nabil" aipatu zigun korrikalariak.

Sakanako Irristaketa eta Andra Mari ikastolako herri kirol taldea
Sakanako Irristalari Taldea izan da talde onena. Juli Acebes entrenatzailea zegoen sari matean, taldeko irristalariekin batera. Azken hauek jaso zuten saria. "25 urte daramatzagu Sakanan irristaketarekin. Olazti, Altsasu eta Urdiaingo taldeak entrenatzen ditut. Duela 3 urte Sakanako Irristaketa taldea sortu genuen, Espainiako Txapelketetarako sailkatzen ari ginelako eta hiru herrietako irristalariak bertan elkartzeko. Eta oso kontentu gaude. Emaitzak ere paregabeak dira. Kimuen mailatik aurrera irristalari guztiak sailkatu dira Espainiako Txapelketarako, eta orain arteko emaitzak bikainak dira. Eta hori gure baldintzak ez direla onenak. Ez da berdin pista batean entrenatzea edo kiroldegi edo frontoian. Baina zailtasunak zailtasun, kontentu gaude" azaldu zuen Juli Acebes entrenatzaileak.

Bestalde, Andra Mari ikastolako herri kirol taldeak euskara gehien bulkatzen duen taldearen saria jaso zuen. Entrenamenduetan, probatan, egunerokotasunean… euskaraz bizi dira herri kirolari hauek eta hori saritu zuen epaimahaiak.

Luis eta Ricardo
Aurten bi izan ziren aipatu bereziak: Luis Martil karate irakasle irurtzundarra eta Ricardo Lopez de Sabando pilotari monitore arbizuarra. Luis Martil emozionatuta zegoen. "Ez nuen espero eta nahiz eta nahiz eta izendapena jasotzeko ni baino merito askoz gehiago duen jendea egon, oso eskertuta nago. Nire atzetik dagoen jendeak merezi du saria. Nire ikasle kuttunekin konpartitu nahi dut saria. Tartean daude Edurne Alonso lakuntzarra, Lakuntzan karate irakasle dena, eta Mikel Aizpun arruazuarra, ikasle paregabea izan dena. Eta baita Nafarroako Karate Federazioari ere. Gure kirolak giza-balio handiak sustatzen ditu, guk arerioari, arbitroari eta erregelamenduei errespeturik handiena diogulako. Oraindik lanean jarraitzen dut eta zortekoa naiz" nabarmendu zuen.  

Pilota sustatzaile eta monitorea den Ricardo Lopez de Sabando ere kontentu zegoen. "Ez nuen espero eta sorpresa handia hartu dut, sorpresa ederra. Olaztiko taldea entrenatzen jarraitzen dut. Utzi nahiko nuke, garaia baita, osasunez aldakak apurtuta dituztelako eta haurrekin entrenatzen ibiltzeko mugitu beharra duzulako eta kosta egiten zait. Baina ez dut ordezkorik eta horregatik ez dut uzten. Iñigo Aritza ikastolan ere jarraitzen dut pilota sustatzen. Laguntza eskatu zidaten eta pozik" azaldu zuen. Sakanan pilotaren osasuna juxtu ikusten du, beheraka. "Beste kirolak errazagoak dira, talde kirolak direlako, baina pilota ez, eta horretaz gain eskuek sufritzen dute. Baina tarteka pilotariak ateratzen ari dira. Orain bertan Joanes Bakaikoak etorkizun handia dauka, uste dut pilotari handia izango dela" gaineratu zuen.