Askapenaren kontrako epaiketan auzipetuta dauden bost euskal herritarrak, Aritz Ganboa arruazuara barne, aurreko astean jakin zuten fiskaltzak haiendako seina urteko espetxe zigorra eskatzen duela.
Auzipetuek larunbatean adierazi zuten “argi” gelditu dela Askapenaren kontrako sarekada “gezur handi bat baino ez zela izan”. Haien iritziz Askapenaren kontrako polizia operazioa “ezker abertzalea zigortzeko pentsatutako sareka bat izan zen”. Baita “herri honek hamarkada luzeetan zehar eginiko lan internazionalista zango trabatzea” ere, “estatuaren mugetatik kanpo ezarri nahi duten isiltasuna hausten ari ginelako”. Ziurtatu zutenez, “ez diogu inori gure militantzia politikoari mugak jartzen utziko”.
Agerraldian bost auzipetuek Askapenako 80 kide baino gehiagoren babesa izan zute eta adierazi zuten: “internazionalismoa Euskal Herriaren askapen prozesuko ezinbesteko ardatza dela ulertuta lanean jarraituko dugu”. Auzia salatzeko ekimenak eginen dituztela iragarri dute erakunde internazionalistatik.