Sor Olimpia mojaren erahilketaren 50. urteurrena gogoan

Guaixe 2015ko mar. 13a, 11:13

Rosalía Gorostiaga Otxagabia “Sor Olimpia” moja dominika 1964ko azaroaren 24an hil zuten, Kongon. Oroimenezko meza igandean egingo diote, 12:00etan, Arruazun, Francisco Perez gotzaina buru dela.

1964an Kongo egoera nahasian zegoen. Belgikako kolonia izan ondoren, 1960an independentzia lortu zuen eta Belgiar Kongoa izatetik Kongoko Errepublika Demokratikoa izatera bilakatu zen. Baina trantsizioa ez zen batere ongi burutu eta ezegonkortasun politikoa nabarmena izan zen, gerrate zibila tarteko. Egoera nahasi horrek bete betean harrapatu zituen garaiko Stanleyvillen –egungo Kisangani– misioan zeuden moja dominikak. 1964ko azaroaren 24an Pierre Muleleren gerrillariek Errosarioko Misiolari Dominiken misioan erizain lana egiten zeuden lau moja hil zituzten, Rosalia Gorostiaga Otxagabia “Sor Olimpia” moja arruazuarra tartean.

Azaroan gertakari latz haien 50.urteurrena bete zen eta erahildako mojak izan zituzten gogoan. Igande honetan Sor Olimpia bere etxean, Arruazun gogoratuko dute. 12:00etan haren aldeko meza ospatuko da, Francisco Perez gotzaina buru dela. Lakuntzako abesbatzak musika jarriko dio elizkunari. Bukaeran, bildutako guztiendako auzatea izango da Arruazuko ostatuan.

Eraztuna
Rosalia Gorostiaga “Sor Olimpia”-k Anberesen egin zituen moja izateko botoak. Bertatik gutun bat idatzi zion bere amari eta urrezko eraztun bat erosteko dirua eskatu zion. Eraztun hori etxera itzuliko zela zin egin zion. Senitartekoek kontatzen dutenez, inork ez zuen sinistu eraztun hori etxera itzuliko zenik, baina itzuli egin zen; Migel de la Quadra Salcedo esploratzaile eta kazetariak ekarri zuen Arruazura. Garai haietan de la Quadra Televisión Españolako berriemailea zen Kongon. Misioko etxean sartu eta hainbat objektu ekarri zituen, arruazuarraren eraztuna tartean. Nonbait, lau mojak fusilatu zituzten baina Gorostiaga ez zen unean bertan hil. Bere eraztuna eta moja-nagusiarena kendu zituen eta Kongoko erlijiotsu bati eman zizkion, hark gordetzeko. Lekukoek kontatzen omen zutenez, Gorostiagak tunikako lepoa askatu eta gerrillari bati esan omen zion: “moztu orain”. Eraztuna, esan bezala, Arruazura iritsi zen.