Askapenako kideek Nafarroako talde gehienen babesa jaso zuten

Guaixe 2016ko urt. 28a, 17:35

Askapenako kideak abokatuarekin Parlamentuan. Argazkia: Askapena.org

Aurreko ostiralean izan ziren Nafarroako Parlamentuan.

Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin zuten aurreko ostiralean Askapenako bost auzipetuetatik lauk, Walter Wendelinek, Dabid Sotok, Unai Vazquezek eta Aritz Ganboa arruazuarrak, Amaia Izko abokatuarekin. Audientzia Nazionaleko auzian izandako egoeraren berri eman zuten, eta auzian “irregulartasunak eta neurrigabekeriak” jasan dituztela salatu zuten. Epaiketan, ETArekin kolaboratzea akusatzen diete, eta sei urteko kartzela zigorra eskatzen diete. Egun, fidantzapean aske daude, epaiaren zain. Askapenako auzipetuek EH Bilduren, Geroa Bairen, Ahal Duguren eta Ezkerraren babesa jaso zuten. Horretaz gain, ilbeltzaren 30ean aurkeztu eta aurki abiaraziko duten dinamikaren berri eman zuten Askapenakoek. Epaiketa politikoen kontrako ekimena izango da, eta talde politikoen, instituzioen eta gizarte eragileen inplikazioa eskatuko dute.