Arruazu Porronen "Duerme negrita" laburraren eszena-tokia

Guaixe 2017ko ira. 3a, 13:00
Filmaketaren unea.

Zuzendariak garileko azken astean filmatu zuen film laburra, Arruazun eta Iruñean.

Ainara Porron Arratibelen aitonak ezkilak jotzen zituen Arruazuko elizan eta hala mezarako deia komunikatzen zuen. Haren iloba Ainarak, berriz, komunikatzeko zinema erabiltzen du. Eta Arruazu aukeratu du bere lana aurrera eramateko. Zehazki, garilaren 26tik 29ra herrian Duerme negrita lanerako filmatzen aritu zen. 30ean, berriz, Iruñeko Zapateria kalean.

Porronek ezezagunari zaion beldurra eta hezkuntzaren bidez beldurra nola galdu daitekeen azaldu nahi du bere lanarekin. Eta hori 4 urteko neskato baten begiradatik eginen du. 1987an kokatutako istorioa da film laburrekoa. Bi alaba dituen familia sakandar bat da protagonista. Ama alabetako batekin Iruñera erosketak egitera joanen da. Neskatoak, orduan, estreinako aldiz, gizon beltz bat ikusiko du eta asko izutuko da. Gurasoek popin beltza erosi eta oparitu eginen diote eta "beldur horri hurbiltzeko prozesua" hasiko du neskatoak. Porroni berari antzeko zerbait gertatu zitzaion, eta pasarte autobiografiko hori fikzio bihurtu du film laburra egiteko.



Porronek bere lana 80 hamarkadan kokatzea erabaki du, garai hartan gure artean askoz ere pertsona beltz gutxiago bizi zirelako. Data kokapen horrek filmaketarako girotze lan berezi bat egitea eskatu du. Gainera, protagonista nagusia neskato bat da, Ariadna Dominguez, eta planoen %90ean agertzen da. Haren ahizparena Olaia Perezek egiten du. Gurasoena, berriz, Itsaso Arana eta Javier Chocarro. Haien bizipenak 15 bat minututan kontatuta izanen dira.

Zuzendariaz
Porronek Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen eta ekoizle-exekutibo gisa lanean hasi zen. 25 bat filmetan parte hartu du. Besteak beste, Vicky Cristina Barcelona (Woody Allen), Mapa de los sonidos (Isabel Coixet), Camino (Javier Fesser) edo Salvador-Puig Antich (Manuel Huerga) filmetan lan egin du. Marketingean ere aritu da, esaterako, Sony Europako zinema kameren ataleko arduradun gisa. Berriki ikus-entzunezkoak lantzeko Nara Film Studio start-up-a sortu du.  



Duela bi urte zuzentzeari ekin zion. Aurreneko lana Lobito Bueno, Bruja Hermosa film-laburra izan zen. Raindance eta Xixongo jaialdietako sail ofizialerako aukeratua izan zen. Berriarekin ere bide hori egin nahiko luke. Bere bigarren lan hau filmatzeko Nafarroako Gobernuaren 23.232 euroko diru-laguntza jaso du. Julia Juaniz muntatzailearekin batera onduko du film laburra, azaroaren 1erako prest egon beharko duena, diru-laguntzak hala eskatuta. Jose Mari Lara da filmaren ekoizlea. Ekoizpena, berriz, Shangri-la Producciones eta Nara Film Studioren artekoa izan da.

Argazkiak: @AinaraPorronA