Arruazuko Udalak aurtengo aurrekontua onartu du. 141.605,95 euroko diru-sarrerak aurreikusi ditu eta 105.902,39 euroko gastuak. Azken horietako 29.040 euro dagoeneko inbertitu ditu. Herriarena den ostatua eskuz aldatu behar zen eta barruan zeuden mahaiak, aulkiak, hozkailuak, kafe-makina eta labea aurreko maizterrarena zen. Kudeatzaile aldaketarekin ostatua hainbat egon edo aste itxita ez egoteko eta udalak tresneriaren jabe izateko haiek erostea erabaki zuen, aipatu diru kopurua horretara bideratuz. Gauzak horrela, egun batean garbiketa egin zen eta ilbeltzaren 2tik kudeatzaile berria du ostatuaren ardura.
Nafarroako Gobernuak nahi bezala erabiltzeko 23.052, 01 euro emanen dizkio udalari Pello Betelu Ganboak azaldu digu oraindik ez dutela zehaztu zertan inbertituko duten.
Bitartean dermioko bi bidetan konponketak eginen dira. Alde batetik, trenbide ondoko bordatik Uharte Arakilera daraman bidea batetik eta, bestetik, Lakuntzako trenbide gaineko oinezkoendako pasatik herri sarrera bitartean ere. Horretaz aparte, alkateak azaldu digu, aurrezteko argiteria publikoan LED argiak jarri ondoren, gauez, intentsitatea jaisten dutela.