Iratxe Lapuente brontzezkoa Espainiako Pista Txapelketan

Guaixe 2018ko ira. 19a, 16:04

Kimuen 3.000 puntuko proban hirugarrena sailkatu zen Sakana Patin taldeko ziordiarra eta Sakana Trofeoko kimuen proba irabazi zuen. Iruñea-Gares maratoian Villalobos junior mailako txapelduna izan zen

Sakanako irristalariak sasoi bikainean daude eta azken asteetan jokatutako txapelketetatik emaitza bikainak ekarri dituzte. Hasteko, asteburu honetan Espainiako Pista Txapelketak jokatu ziren Zaragozan eta emakumezkoen kimuen mailatik etorri zen albiste ona, Sakana Patin taldeko Iratxe Lapuente ziordiarra hirugarrena sailkatu baitzen 3.000 puntuko proban. Lagunak taldean dabilen Anne Lapuente jubenilen mailan aritu zen, gustura. Aldiz, Sakana Patin taldeko Yerai Goikoetxea infantila eta Oier Ormazabal kimua erdizka aritu ziren, osasun arazoak tarteko.

Gogoratu behar dugu irailaren 8an II. Sakana Trofeoa jokatu zela Altsasun, Sakana Patinek antolatuta. Talde honetako Jon Urkizar 3.a sailkatu zen benjaminen mailan eta Iratxe Lapuente ziordiarrak, aldiz, kimuen mailako lasterketa irabazi zuen.

Unai Villalobos txapeldun Garesen
Hurrengo egunean, irailaren 9an, Iruñea-Gares irristaketa maratoia jokatu zen, proba gogor bezain ikusgarria. 400 irristalari baino gehiago aritu ziren eta proba honetan ere ikusgarri aritu ziren gureak. Lagunak taldean dabilen Unai Villalobos Hernaz altsasuarrak sekulako proba egin zuen eta ordu eta ia 20 minutu behar izan zituen Iruñea eta Gasteiz lotzeko (1:19:55). Sailkapen orokorrean 24.a izan zen altsasuarra, lehen sakandarra eta junior mailako txapelduna. Debut ikusgarria egin zuen Villalobosek. Bestalde, Sakana Patin taldeko Oskar Zamarron 47.a sailkatu zen sailkapen orokorrean (1:24:23), Amaia taldeko Unai Baztan 56.a (1:29:34), Berriro Ere taldeko Kevin Marques 74.a (1:32:29), San Juan taldeko Sergio Marques 77.a (1:32:59) eta Lagunak taldeko Ana Rita Correia 2017.a (1:59:15).

Argazkiak: Sakana Patin taldea.