Gerediaga elkarteak antolatuta, Axpe-Atsondok 52. Euskal Herriko Artzain Txakurren Txapelketa hartu zuen larunbat arratsaldean. Iparraldeko eta hegoaldeko lurralde bakoitzeko bina ordezkari eta joan den urteko txapelduna neurtu ziren. 11 txakurrek bi proba egin behar izan zituzten. Aurrenekoan puntuazio handiena lortu zuten lauak bigarrenera pasa ziren. Bi lanetan lortutako puntuazioagatik Aritz Ganboa arbazuarraren Sua txakurra izan zen irabazlea, 341 puntu lortuta.
Uharte Arakilgo Artzain Egunean bigarrenak izan ziren eta han lortu zuten Axpen lehiatzeko gonbidapena. Axpe-Atsondon lortutako garaipenak igandean Oñatin jokatuko den nazioarteko txapelketarako txartela eman die Ganboari eta Suari.