Osasuna Magnak sufritutako garaipena lortu zuen Cartagenaren kontra

Guaixe 2019ko urt. 21a, 12:56

Lehen mailako sailkapenean bosgarrenak dira Imanol Arregiren mutilak eta ostiralean Palma Futsalen kontra ariko dira

Osasuna Magnak Cartagena taldea hartu zuen ostiralean Anaitasuna pabilioian. Partida oso lehiatua izan zen, eta Imanol Arregiren taldeak sufritu behar izan zuen baina, azkenean, garaipen ederra lortu zuen (4 eta 2). Hiru puntuak poltsikoratzeko izugarrizko lana egin behar izan zuten berdeek. Etengabeko erasoen ondoren, Osasuna Magnako Rafa Usinek gola sartzea lortu zuen 12. minutuan. 5 minutu beranduago berdintzea lortu zuen Cartagenak. Baina talde berdeak ez zuen behera egin, erasoan jarraitu zuen eta bigarrena sartu zuen Alex Dizek, atsedenaldia baino lehen.

Bigarren zatian erasoan jarraitu zuten berdeek. Baita Cartagenakoek ere. Bynhok Osasuna Magnaren hirugarrena sartu zuen, baina minutu bat beranduago bigarrena lortu zuten Cartagenakoek, markagailuan gerturatuz. Handik gutxira, Dani Saldisek berdeen laugarrena sartu zuen eta partida bukaeran atezain-jokalari formula erabiltzea erabaki zuen Cartagenak. Baina estrategia ez zitzaien ongi atera eta markagailua ez zen mugitu: 4 eta 2 gailendu zen Osasuna Magna.

“Sufritutako garaipena da, baina justua” nabarmendu zuen partida bukaeran Imanol Arregi entrenatzaileak. “Partida gogorra izan da eta bagenekien bukaerara arte sufrituko genuela. Lan eta esfortzu handiko garaipena izan da gurea, baina garaipen justua” gaineratu zuen.

Hurrena, Palma Futsal
Sailkapen orokorrean Barça Lassa da liderra (45 puntu) eta Osasuna Magna bosgarrena da (37 puntu). Hurrengo jardunaldian, 20. jardunaldian, 38 punturekin sailkapenean laugarrena den Palma Futsal izango du aurkari Osasuna Magnak, ostiralean, 20:30ean, Palman. Laugarren postua lortzea da jokoan dagoena eta ea berdeek sailkapenean gora egitea lortzen duten.