"Kultura modu errazean ezagutarazteko tresna da"

Munia El Marhoum Iruretagoiena 2019ko urr. 4a, 08:29

Arkikus deitzen da Arantxa Satrustegi arruazuarrak eta bere lankideek sortutako aplikazio elektronikoa, errealitate areagotuaren bidez eraikin historikoen berreraikitze birtuala egiten duen tresna

Kultur ondarea babestu eta zabaltzeko nahia bere arkitekto lanarekin bateratzen du, arkitektura estudioa eta Arkikus aldi berean aurrera eramanez

1. Zein izan zen arkitektura aukeratzeko arrazoia?

Ba eragin handia izan zuen gure Arruazuko etxea eraikitzeak. Nire aitaren aldeko familia hemen bizi izan zen, ondoren Zaragoza eta Iruñera joan baziren ere. Orain dela 25 urte, herrian familiarendako etxerik ez zegoenez, nire gurasoek erabaki zuten etxe hau eraikitzea. Nik 6-7 urte izango nituen eta gogoratzen dut asko gustatzen zitzaidala planoak ikustea, materialak aukeratzea, eta abar. Geroago, ikastera joan nintzenean, egia esan, beste edozer gauza ere egin ahal izan nuen, gauza asko gustuko nituelako, baina betidanik arkitekturarantz bideratuta egon nintzenez asko ere ez nuen pentsatu.

2. Zer da zure lanaren alderik onena?
Nire lanak jendea ongi sentitzen den espazioak sortzeko balio duela uste dut, eta horixe da gehien gustuko dudana. Jendea bizi, lan egin edo kirola egiten arituko den espazioak sortzen ditugu, haiek disfrutatzeko toki bat lortzen dugu. Gure lanaren oinarria hori da hain zuzen, jendeak erabiliko dituen eremuak egiten ari garela eta haiek ongi senti daitezen lan egiten dugula deritzot. Arkitekto moduan egiten dudan lana jendearen sentsazioetan oinarritzen da, motzean esanda.

3. Arkitekturan hasi eta ondoren errealitate areagotuarekin lanean hasi zinen. Nolakoa izan zen batetik besterako jauzia?
Ba, egia esateko, ez da jauzi handirik egon, ditudan proiektuak batera uztartzen ditut eta ez dut saltorik edo aukeratzerik egin behar izan. Errealitate areagotuarekin lan egiten hasi ginen baina nik ez dut inoiz arkitekto lana utzi, estudioetan aritu naiz lanean, Txilen 3 urtez, ondoren Madrilen eta gero hemen, Iruña eta Gasteiz artean. Betidanik nuen arkitektura estudio propio bat izateko ilusioa eta horretan hasi nintzen nire mutil lagunarekin, Iker Ordoñorekin, orain dela urte eta erdi. Hortaz, azken urte eta erdian gure estudioaren eta Arkikus proiektuaren artean lanean ibili gara.

4. Orduan bietan ari zarete proiektuak aurrera eramaten.
Bai, gure arkitektura estudioan, Pudú-n, berritzeak egiten ditugu, proiektu txikiak, lehiaketetara aurkezten gara, paisajismoan ere aritzen gara, eta abar. Eskualde honetan hainbat proiektu ditugu eskuartean. Eta, aldi berean, Arkikusen ari gara, ondarearen berreraikuntza birtualerako sortu dugun enpresa dena.

5. Zer da zehazki Arkikus? 
Aplikazioak dira, telefono mugikor, tablet edo errealitate areagotuko betaurrekoekin erabili ahal direnak. Horiei esker toki bat antzina nolakoa izanen litzatekeen ikus daiteke, garai desberdinetan zehar. Horrela eremu edo eraikin bat bere garai onenean nolakoa zen erakutsi dezakegu, baina horrez aparte, tokiak denboran zehar izan dituen aldaketak ere antzeman daitezke. Horretarako, Javier Ordoñok, gure ekipoko arkeologoa denak, egiten dituen ikerketetan oinarrituta, 3D teknologia erabiliz berregiteak egiten ditugu.

6. Zein alde dago bi arloen artean?
Guretako errealitate areagotua tresna bat besterik ez da, normalean erabili ohi dugu gure arkitekto lanean, proiektuak irudikatu ahal izateko, bai bezeroari aldez aurretik irudi bat erakutsi ahal izateko edo lehiaketetan aurkezteko. Arkikusen, aldiz, lehen eremu bat nolakoa zen erakusteko erabiltzen dugu. Orduan, alde handirik ez dut ikusten arkitektura tradizionalaren eta errealitate areagotuarekin egiten dugun lanaren artean, azken finean, arkitektura tradizionalean jada erabiltzen da errealitate areagotua.

7. Nola batu zineten Arkikus proiekturako, nolakoa izan zen hasiera?
2012an karrera bukatzean Txilera joan nintzen bizitzera 3 urtez, arkitektura estudio baten lan egiten nuen bitartean. Madrilera bueltatzean arkitektura sozialari buruzko master bat egin nuen, arkitekturaren beste ikuspuntu bat, karreran zehar ikasteko aukerarik izan ez nuena eta asko interesatzen zitzaidana. Nire mutil lagunak, Iker Ordoñok, eta Gonzalo Alavak jada egiten zituzten 3D irudiak. Beraz, ezagutza hori aprobetxatuz eta ondarearengan genuen interesa konbinatuz sortu zen Arkikus aplikazioaren ideia. Hasieran gure artean komentatzen zen zerbait izan zen baina lehiaketa batera aurkeztu genuen ideia eta 500 proposamenetik 10 onenen artean jarri gintuzten. Orduan konturatu ginen gure artean hitz egindakoak benetan aurrera ateratzeko aukera handia zuela.

Argazkia: Arkikus

8. Nola erabili daiteke aplikazioa?
Mugikorrean edo tablet batean pantaila mugituz, guk sortutako 360º-ko irudiak ikusi daitezke, eta horretaz aparte, aplikazioak audioa eta azalpen testuak ere baditu, modu horretan are informazio gehiago transmititu ahal izateko erabiltzaileari. Oraintxe bertan 3 aplikazio daude eskura deskargatzeko, lehenengo egin genuena Arkikus Santa Catalina, Arkikus Vitoria 1850 eta Arkikus Castillo de San Vicente. www.arkikus.es web orrian azaltzen da dena.

9. Zein zen helburua Arkikus sortzean?
Jendeak bidaiatzea, toki txikiagoak bisitatzea, normalean interesatuko ez litzaizkieken edo turismoa erakartzeko zailtasun handiagoa dituzten eremuak, eta gure aplikazioak horretan laguntzea. Gure artean beti komentatu izan dugu ondare handia dugula, eta ondare hori zabaldu ahal izateko aukera bat sortu nahi izan genuen. Nork ez du inoiz imajinatu nahi izan nolakoa izanen litzatekeen Erromako Koliseoa, trikuharri bat edo edozein historia eremu orain dela urte asko? 

10. Nola laguntzen du zuen aplikazioak turismoa eta kultura?
Turismoa erakartzeko modu merkeago bat da, azken finean aplikazio bat da eta egin behar den inbertsioa ezin da konparatu beste aukera batzuekin. Alde batetik, kontserbatzeko interesa dago, hau da, ondare hori gorde eta mantendu ahal izateko nahia. Baina liburutegi edo datu base batean gordeta baino, jendeari transmitituta gehiago lortzen dela uste dugu. Aplikazioaren bitartez toki edo monumentu bat jendearentzat erakargarriago egiten da, izan ere eskaintza turistiko eta kultural desberdin bat egiten da, beste toki batzuetan eskura ez dagoena. 

11. Erabiltzaileendako onura bat da, beraz.
Bai, onura bat da, erabiltzaileen esperientzia hobetzen baitu. Bisita gidaturik edo azalpen onak jasotzeko aukerarik ez dagoen tokietan Arkikus erabilita informazio guztia jaso dezakezu, audio-gida bat baita, funtsean. Horrela, bakoitza bere kontura joan daiteke bisita egitera eta behar duen guztia aplikazio horretan du, erraz eskura, edozein gailu mugikorrean deskargatu daitekeelako. Guretako proiektuak alderdi zientifiko edo akademiko bat badu, baina gehienbat publiko zabal bati eskaini ahal zaion produktu bat sortzea da helburua, eta dugun aberastasun kulturala ezagutzera ematea ahalik eta modu errazenean.

Argazkia: Arkikus

12. Orain arte zein motatako pertsonak erabiltzen dute Arkikus?
Egia esan harrituta geratu gara gure aplikazioaren erabiltzaileekin, izan ere denetarik izan dira. Pertsona nagusietatik hasita, lehen aldiz errealitate areagotuko betaurrekoak jarri eta txundituta geratu diren 80 urteko andre-gizonetatik, 10 urteko umeetara, betidanik teknologia hori ezagutu dutenak. Adin guztietako jendea izan dugu, eta denei gustatu zaie aplikazioa.

13. Nolakoa izan da aplikazioarekiko erantzuna?
Ba, nahiko ona izan da, izan ere aplikazioa martxan jarri dugun tokietan bisitak areagotzea lortu dugu. Bere kontura doan jendeaz aparte, bisita gidatuak egiten dituzten gidek ere erabili dituzte gure aplikazioak esperientzia hobea eskaini ahal izateko. Errealitate areagotuko betaurrekoekin egindako bisitak egiten ere hasi dira. Egia da hasiera nahiko “amateur”-a izan zela, Arkikusen gauden laurok gure lanak ditugu aplikazio horietaz aparte eta, aldi berean, gure lana eta komunean dugun proiektua lantzeak prozesua geldoago joan izana eragin du. Baina aurrera joan ahala proiektua ondo bideratuta dagoela ikusi dugu eta pozik gaude. Eta, gainera, jendeari asko gustatzen zaio.

14. Etorkizunera begira zerbait baduzue pentsatuta?
Sortu ditugun aplikazioetan lan egiten eman dugun urte bizi honen ondoren, lehenik eta behin gogoeta egin nahi dugu. Hobetzeko zer dagoen aztertu eta hobetu, enpresaren barneko komunikazioa landu, barne antolakuntza hobetu, eta hortik aurrera, aplikazioa aurkezteko modu berriak sortu, errealitate areagotuko betaurrekoen esperientzia nola ondu, eta bezero berriengana nola heldu hausnartu nahi dugu. Bakoitzak bere arkitekto lanarekin jarraituko du, izan ere, gure bokazioa da eta horretaz bizi nahi dugu, batzuetan zaila den arren, baina Arkikusek ilusio handia egiten digu, eta horrekin ere jarraitzeko asmoa dugu.